2019ko Lan Txikien Foru Planaren deialdian zein obra aurkeztuko duen ebatzi du Laudioko Udalak. Berez, Aiarako Lurrak kalean esku hartzeko asmoa dauka erakundeak.
Herriko anbulatorioaren alboan dagoen eremu horretan espaloiek ez dituzte betetzen irisgarritasun irizpideak; ez zabaleragatik, ezta aldapagatik ere.
Horregatik, udalak proposatuko dio Arabako Foru Aldundiari diru-laguntza espaloien zabalera handitzeko 2 metrora heldu arte. Horrez gain, barandak jarriko dituzte, irristadak ekiditeko materialekin tratatuko dute zorua eta lekua seinalatuko dute.
Guztira, obrak 34.410 euroko balioa du eta 6 aste beharko dituzte egikaritzeko. Aldundiko programa horrek 35.000 euroko lanak, gehienez, laguntzen ditu diruz.