Resa Etxeak Laudioko bi gunetan banatu du saria, El Túnel Jatetxean eta Dastaketa gozotegian, hain zuzen. Guztira, 34 milioi euro jasoko dituzte erosleek; 20.000 euro dezimo bakoitzagatik eta 200.000 euro serie osoagatik.
21 milioi euroko sariak banatu dira Dastaketan eta beste 10 milioi El Túnel jatetxean. Resa Etxeak -zenbakia jaso duen administrazioak- saldu ditu gainerakoak.
Saltzaileek adierazi dute oso banatuta egongo dela saria eta, gehienbat, herriko jendeak erosi dituela dezimoak. Horrek Euskal Herriko eta Estatu Espainiarreko hedabideak erakarri ditu Laudiora eta hainbat kamara ikusteko aukera egon da goizean.
Saltzaileak
Carlos Resa Mendiak -Resa Etxeko arduradunak- azaldu du oso pozik dagoela 34 milioi euroko saria Laudion saldu izanagatik eta lagunen artean egiteagatik: “Amets hutsa da, ezin naiz alaiago egon”.
"Albistea zabaldu bezain laster jendea pozik etorri da hona eta muxuak eman dizkigute eskertuta. Gaur parranda ederra egingo dugu”, ziurtatu du saltzaileak.
El Túnel
Juan Ignacio Jimenez Fernandez, El Túnel jatetxeko jabea, bulegoan zegoen ikusi duenean bere langileak saltoka sukaldean. “Hasieran pentsatu dut sari txikia izango zela, baina gero jabetu naiz 4. saria zela” argitu du.
“Aretan geratuko da sari gehiena eta oso banatuta. Dezimoak ez ezik, partizipazioak erosteko aukera zegoen eta jende ia guztiak dauka baten bat. Horrez gain, nire arrebak eraman zituen ale batzuk Losara eta nire anaiak Berangora” adierazi du Juan Ignacio Jimenez Fernandezek.
Goizean hainbat lagun egon dira jatetxeko tabernan albistea ospatzen.
Dastaketa
Irantzu Peral Izarra, Dastaketa gozotegiko arduradunak, emozioz eta ilusioz jaso du albistea: “familia osoak irabazi du saria eta hainbat lagunek ere”.
Gozotegiko kidek erantsi du saritu ugari ezagutzen dituela eta goizean hasi direla ospatzen. Hala ere, gauean ere jaiarekin jarraituko dute.
Ogasuna
Azken urtean egindako aldaketen ondorioz, 20.000 euroko saria jaso dutenek 2.000 euro baino ez diizkiote ordainduko ogasunari. Saria 10.000 eurokoa edo txikiagoa bada, aldiz, ez dute zergarik ordaindu beharko.