"Kultura arratsaldeak Kasinoan" dinamika aurkeztu dute, azpiegituraren aukerak esperimentatzeko

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko abe. 29a, 07:07

Kasinoa bizirik egoteko helburuarekin, ekintzak antolatuko dituzte hilabetero. / Aiaraldea

Kulturkon ekimenak 4 ekintza egingo ditu urtarrilean Kasinoan, "erabilera ezberdinak frogatzeko". Urtarrilaren 17tik 20ra izango da lehen jarduera sorta.

"Kasinoaren erabilera ezberdinak frogatzeko" zenbait ekimen antolatu ditu KULTURKONek (Laudioko Kultura Kongresua) urtarrilerako. "Kultura arratsaldeak kasinoan" deitu diote zikloari, eta urtarrilaren 17tik 20ra izango da. Emaitzen ostean, hausnarketarako tartea hartuko dute, "akatsak hobetzeko aukerak aztertzeko".

Egitasmoa herriko kultura bultzatzeko sortu zen: "Helmuga lortzeko, urrats batzuk ematea ezinbestekoa dugu". Horietako bat da erabilera anitzeko azpiegitura txukun eta hornitua atontzea. "Horretarako esperimentazioa eta entseguak dira aukera onena, bidea nola egin behar den zehazteko", azaldu dute.

Hilero, azkenaurreko asteburuan egingo dituzte kultura ekitaldi sortak, ostegunetik igandera. Bertako eta kanpoko gonbidatuek hartuko dtue parte, "eta espazioa hornitzeko hainbat saiakera egingo dira". Etorkizunean "iraunkorki mantentzeko hornikuntzak erostea" espero du plataformak, esperimentazioen emaitzak kontuan hartuta.


Urtarrileko egitaraua
Urtarrilean 4 ekintza egingo dituzte, estilo anitzetakoak. Itxarkundia taldeak, Laudioko Irakurketa Klubak eta ASASAM elkarteek hartuko dute parte, besteak beste. Zehazki, hau da prestatutako egitaraua:

  • Urtarrilaren 17an, 18:00etan, "Dantzagarriak" (Sant Rokezar nagusien taldearekin) pianoz lagunduta dantzaldia egongo da.
  • Urtarrilaren 18an, 19:00etan, "Neguko dantza plaza" (Itxarkundia Dantza taldearekin)
  • Urtarrilaren 19an, 18:00etan, "Kafe literarioa" irakurketa ezberdinekin (Laudioko irakurketa taldearen eta ASASAMen eskutik). Horrez gain, Laudioko dantza talde gazteen emanaldia egongo da, Akelarre eta The fife Queens taldeena.
  • Urtarrilaren 20an, 19:00etan, "Antzerki foruma", Cear Euskadiren eskutik.


Kultura Asanbladaren asmoa da "Kultura arratsaldeak Kasinoan" ekimenari jarraipena ematea, apirila edo maiatzera arte. Erantsi dutenez, Kasinoa bizirik egotea da hurrengo urteetako helburua".

Bestalde, Laudioko Kulturkonen lehenengo foro teknikoak egin dira, plataformak adierazi duenez. Horrez gain, Euskal Herriko zenbait esperientzia ezagutzeko txangoak egin dituzte: "Eraikin publikoen kudeaketa komunitarioaren inguruko jardunaldietara bidaia egin genuen, eta Kasinoaren akustikaren inguruko mahai teknikoa burutu genuen ere". Oiartzunen, Durangon eta Gasteizen egon dira, besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide