Iragan ostegun gauean jazo zen gertaera, Laudion. Erasotua -gizona- auto bat gidatzen zegoen, emakume bat kopilotu gisa zioala. Ertzaintzak adierazi duenez, erasotzailearen bikote ohia zen emakumea. Lamuza kaleko semaforo batera iristean erasotzailea aurretik zihoan autotik atera zen, eta bi pertsonei esan zien ibilgailutik ateratzeko.
Atxilotuak 40 zentimetroko puntazko lantza batekin erasotu zuen autoa, barruan zegoen gizonezkoari buruaren aurreko zein ezkerreko aldea kolpatuaz. Zaurituta egon arren, gidariak autoa mugitu eta anbulategira joatea lortu zuen. Hasieran Galdakaoko ospitalean ingresatu zuten, baina ostiral eguerdian Gurutzetako ospitalera bideratu zuten, zituen zaurien larritasuna zela eta. Atzo jaso zuen alta, eta orduan jarri zuen salaketa Ertzaintzan.
Poliziak ikerketa abiatu zuen orduan, eta erasotzailea atxilotu. 30 urteko gizonezkoa da, eta epailearen esku utzi dute.