Enplegu programa berria jarriko du abian Laudioko Udalak, Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntza baliatuta. Ostiralean onartu zituzten baldintza-pleguak. Plana egiteko ardura hartzen duen enpresak bost pertsona kontratatu beharko ditu gutxienez. Mendi publikoetan hainbat lan egitea izango da langile horien helburua.
77.298 euroko aurrekontua -BEZ gabe- baliatuko dute enplegu plana garatzeko. Udalaren asmoa da langileak urtarrila amaierarako lanean egotea. Lan deialdia hemendik bi astera aterako da eta interesdunek Lanbiden eman behar dute izena.
Udaberrian
Hori ez da izango udalak abian jarriko duen azken enplegu plana, Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak aurreratu duenez. Ibaia garbitzeko lan-deialdia egingo dute udaberrian, udalaren baliabide propioak erabilita.
Zinegotziak nabarmendu du bi egitasmo berri horiekin 7 direla enplegua sustatzeko udalak martxan dituen proiektuak.