Alexia plataforma birtualaren aurka borrokatzeko deia luzatu du Aiaraldeko Ikasle Autodefentsa Sareak

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urt. 15a, 10:00

Laudion iaz eginiko ikasleen mobilizazio baten irudia. / Aiaraldeko Ikasle Abertzaleak

Laudioko Ikastolak baliatzen du irakaskuntzara bideratutako plataforma birtual hori. Autodefentsa sareko kideek jakinarazi dute paroak eta elkarretaratzeak egingo dituztela.

Alexia plataforma birtualaren aurka aritzeko deia luzatu du Aiaraldeko Ikasle Autodefentsa Sareak. Duela gutxi sortu da eragile berri hori, eta bertako kideek oharra bidali dute hedabideetara, borroka horren nondik norakoak azaltzeko.

Irakaskuntzara bideratutako plataforma birtuala da Alexia, ikastetxe batek kudeaketarako behar dituen tresnak eskaintzea helburu duena. Autodefentsa sareko kideek salatu dute “ikasleek burutzen duten jardun oro” kontrolatzen duela plataformak: "puntualitate faltak, ez
etortzeak, kanporatzeak edota gure jarrerak. Hori dela eta, ikasleon haserrea nabarmen hasi da, Alexiaren jardunak ikasleriaren eguneroko praktika urratzen duelako”.

Nabarmendu dutenez, plataformaren inplementazioa ez da ongietorria izan ikasleen artean. “Irakasle zein gurasoentzat aberasgarria izan daiteke Alexia, erosotasun handia eskaintzen dielako”. Sareko kideek salatu dute plataformak irakaslearen bertsioa soilik kontuan hartzen duela: "Honen ondorioz, gurasoek irakasleen arrazoiak bete-betean onartzen dituzte. Aldiz, guretzat, ikasleontzat, oso kezkagarria da hori. Ikasleak oso egoera prekario batean kokatzen gara Alexiaren berrien aurrean, gure iritzia zein gertaeraren inguruan dugun ulerkera esposatzeko aukera guztiak galtzen ditugu".

Horregatik uste dute Alexiaren funtzioa “kontrol hutsera” mugatzen dela, “ikasleon iritzia erabat zapalduz eta irakaslearen autoritatea indartuz”. Aipatu dutenez, Alexiak “ondorioei soilik” erreparatzen die, “ez ondorio horietara heltzeko gertakizun edo arrazoiei. Ikasleon egoera ez du aztertzen: klasean nola sentitzen garen, lantzen dugun edukia guretzat egokia den ala ez, egun txarra izan dugun ala ez… Hau da, arazo estruktural baten aurrean eztabaidatu baino (hezkuntza-sistemaren porrota) horren ondorio diren jarrerak kolpatzen ditu”.

Era berean, plataforma horren erabilerak Ikastolen Elkartearen hezkuntza ereduari “kontraesanak” sortzen dizkiola azaldu dute, “ikasleen garapena, autonomia zein kritikotasuna zapaltzen dituelako".

Laudio Ikastola da plataforma hori baliatzen duen hezkuntza zentroetako bat. Aiaraldea hedabidea ikastetxeko zuzendaritzarekin jarri da harremanetan, baina ez dute gaiari buruzko adierazpenik egin nahi izan.

Elkarretaratzeak eta paroak
Autodefentsa sareko kideek aurreratu dutenez, paroak eta elkarretaratzeak egingo dituzte Alexiaren aurka borrokatzeko, eta ikasle guztiei luzatu diete egingo dituzte deialdietan parte hartzeko gonbita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide