“Musika bihotzez egin behar da, eta ez poltsikoan pentsatzen”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urt. 22a, 07:00

Diskoa plazaratzeko asmoa du Okher rap abeslariak. / Aiaraldea.eus

Duela urtebete hasi zuen bere ibilbidea Okher rap abeslari laudioarrak. Ordutik hona hainbat abesti plazaratu ditu, eta zuzenekoak eskaintzen hasiko da aurten.

Erio eta Gorrotoz haziak taldeetan hasi zinen abeslari gisa, hardcore-punka jorratzen. Nola egin duzu saltoa hip-hopera?

Urte dezente daramatzat hip-hopa nire inguruan izaten, egia esan. Graffitiaren bidez rap munduan mugitzen diren MC eta produktore asko ezagutu ditut, baita baten batekin harreman estua sortu ere. Beste alde batetik, rap musika betidanik kontsumitu dut. Nire esperientzian oinarrituz, iruditzen zait hartzaile edo entzuleari mezua barnerago sartzen zaiola raparekin hardcorearekin baino, errazagoa suertatzen zait sentiaraztea, horixe baita, nire ustez, nire musikaren ezaugarria, baita xedea ere.

Zure lehen abestia amari dedikatu zenion, bigarrenean gai sozialak izan zenituen hizpide... zerk inspiratzen zaitu letrak osatzerako orduan?

Nire kasuan kontrolagaitza da hori, bat bateko gauza da. Ideiak irteten doaz, letrak oso ideia, bizipen eta sentipen pertsonalak direlako da hori agian. Aurreratu dezaket hurrengo lanetan amodioa, desamodioa, gorrotoa eta beste zenbait gai ikusi eta entzun ahalko dituzuela.


“Hurrengo lanetan amodioa, desamodioa, gorrotoa eta beste zenbait gai landuko ditut”

 


Eta musika nola osatzen duzu?

Batzuetan instrumentalak ezagutzen ditudan zenbait rap produktoreek egiten dizkidate, batzuetan zuzenean eta elkarlanean eta bestetan, distantziagatik, nolabaiteko komunikazioan kontsensu bat lortu arte.

Bestetan, eta gehienetan, inguruko zein bidean ezagutzen ditudan hainbat musikarirekin lan egiten dut. Nire estudioan saiatzen naiz buruan daukadan ideia musikariei helarazten eta bertan grabatzen dugu. Gero, produkzio lanean hasten ari naizenez, nik muntatzen dut kanta.

Soinuari soilik ez, irudiari ere garrantzi handia ematen diozu, abesti bakoitza bideoklip baten bidez aurkeztuz. Beharrezkoa al da gaur egun musikaren eta irudiaren arteko uztarketa hori?

Irudiaren aroan bizi gara, tristea da zenbait balore galtzen ikustea. Tristea da era berean talentuzko jende asko ilunpean egotea baliabide faltagatik. Horren harira erabaki nuen inbertsio bat burutzea zinemagintza materialean bideoklipen edo dena delakoen grabaketetarako. Asko erakarri dit zinemagintzak beti, liluragarria da buruan duzun irudi bat errealitatera eramatea eta zu ez ezik mundu guztiak ikusi ahal izatea. Gero eta maiteminduago nago zinemagintzaz.

“Gero eta maiteminduago nago zinemagintzaz”

 


Orain arte lanak "bideo-single" formatuan plazaratu dituzu. Baduzu bestelako formaturen bat osatzeko asmorik?

Noski! Dagoeneko hainbat single ditut bukatuta modu erregularrean kaleratzeko bideo-single formatuan. Behin kaleratuta formatu fisikoa sortzeko asmoa dut kanta guztiekin CD eta binilo formatuan, lehen fasea itxiz eta bigarrenari helduz. Interesgarria izango da, nire eboluzio musikala oso agerian utziko duelako, bilduma hori izango baita nire ordura arteko prozesuaren lekuko.

Hip-hoparen eta raparen mundua metamorfosi batean murgildua dagoela esan daiteke, traparen agerpenak ekarri dituen aldaketekin. Nola ikusten duzu egungo musika mugimendua?

Nire ustez mundu osoa dago metamorfosi itzel batean murgilduta, indibidualismoan, lehiakortasunean eta kapitalismoan. Musikan ere oso agerikoa da hori, balore zaharrak galtzen ari dira... Esan dezakedan gauza bakarra da musika bihotzez egin behar dela eta ez poltsikoan pentsatzen. Esan nahi dudana da barnetik irteten zaizuna egin behar duzula, ez “top ten”ean dagoenaren antzeko zerbait, “top ten” horren parte izateko ametsarekin... arraina salduta dago jada.


“Gure zuzenekoetan ez da musika soilik egongo”

 


Abesti eta bideoklip berria plazaratuz hasi duzu urtea. Nola jarraitzeko asmoa duzu?

2018an produkzio lanetan murgildu nahiz zeharo, gelditu barik. Behi ekoizpenak eginda, aurtengo xedea, alde batetik, eginiko lana plazaratzen joatea izango da eta, beste aldetik, zuzenekoekin hastea. Irrikitan nago! Horretarako ekipo on bat sortu dut otsailean entseguekin hasteko. Nire asmoa da zuzeneko formatua orain arte ateratakoarekiko ezberdina izatea. Hau da, musikariekin birkonposatua egotea, haiei ere zuzenekoan protagonismoa emanez. Xedea izango da zuzeneko osoan zehar ikuslea gure munduan murgiltzea, ez da musika soilik egongo.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide