Zergatik joan zinen Laudiotik?
Madrilera jo nuen ingeniaritza aeronautikoa ikastera eta gero San Franciscora joan nintzen 6 hilabetez, ingelesa ikasi nahi nuen eta. Orain Mexikon bizi naiz, inbertsio funtsa batean egiten baitut lan. Eraikin bat egiten ari naiz une hauetan, higiezinen esparruan baitago sartuta funtsa. Project Managerra naiz eta, gehienbat, arrisku analisiak egiten ditut. Diseinua eta eraikuntza ere kontrolatzen ditut, inbertsioak...
Edonola ere, zuk marraztea duzu gogoko, ezta?
Bai, nik marraztea maite dut biziki. Bizitza osoan marraztu dut eta duela pare bat urte hasi nintzen nire lanak partekatzen. Egia esanda, ez dut oso ondo marrazten, baina estilo propioa daukat eta jendeak atsegin du.
Horrela hasi nintzen eta orain marka bat sortu dut: @Elle.Panique. Kamisetak eta fanzineak egiten ditut eta Mexiko DFko denda batean saltzen ditut. Bi fanzine plazaratu ditut jadanik.
Zein da orain arte egin duzun lanik garrantzitsuena?
Egin nuen ilustrazio lan bat www.buzzfeed.com webgunerako. Oso atari famatua da. New Yorken dudan lagun batek deitu ninduen horretarako duela pare bat urte. Tinder-ari buruzko ilustrazio sorta izan zen. Idazleak testuak bidali zizkidan eta nik marrazkiak sortu nituen.
Bestalde, Mikel Anton laudioarra nire lehengusua da eta publizitatearen esparruan egiten du lan. Bere lagun bat publizitate buru garrantzitsua da Mexikon eta gogoko ditu nire marrazkiak. Berak eman zion nire izena Forbes aldizkariko kide bati eta nirekin harremanetan jarri ziren urrian. Hori bai, asteartean deitu ninduten eta 12 orrialde betetzeko marrazkiak eskatu zizkidaten aste bakarreko epearekin. Lanean nengoen aldi berean. Hortaz, aste horretan ia ez nuen lorik egin, gauez marrazten bainuen.
Bi ordu gehienez lo egin nuen egunero, baina oso harro sentitu nintzen aldizkaria ikusi nuenean. Elle.Panique bezala sinatu nuen, ez baitut gogoko laneko jendeak jakitea ilustratzailea naizela. Nire lanpostua Mexikon oso serioa da eta ez dut nahi nagusiak ikustea marrazten dudala.
"Gorrotu dut 'Mr Wonderful' filosofia. Ni kontrakoa naiz, desamodioari buruzko marrazkiak dira, oro har. Nostalgia eta iluntasuna islatzen dut"
Esan duzu lan oso serioa duzula eta marraztea gogoko duzula. Ingeniaritza lana utziko zenuke ilustrazioan bakarrik aritzeko?
Paradisua litzateke ilustratzaile lanei esker bizitzea. Mexikon bi inbertsio-funtsetan egin dut lan, baina 9 hilabetez langabezian egon nintzen. Tarte horretan ilustrazioan buru-belarri sartu nintzen: kamisetak, marrazkiak, eskaerak... Baina horietako enkargu pilo -ezkontza gonbidapenak, adibidez- ez nituen batere gogoko.
Nire estiloa daukat eta nahiago dut nire gaiei buruz marraztea -nire traumak, esaterako-. Eskaerak egiten dizkidatenean pozik lan egiten dut, baina ez da gauza bera. Ospetsua bilakatuko banintz eta nik marraztu nahi dudana salduko banu, ederto. Edonola ere, ez dut uste hori gertatuko denik. Oso gogorra da mundu hau.
Aipatu duzu zure traumei buruz marrazten duzula. Zeintzuk dira zure gai kuttunenak?
Beti dira emakumeak biluzik, besarkadak... gorrotu dut “Mr Wonderful” filosofia. Ni kontrakoa naiz, desamodioari buruzko marrazkiak dira, oro har. Nostalgia eta iluntasuna islatzen dut.
Gaia erabat aldatuta, une oso kritikoak bizi izan dituzu atzerrian, ezta?
Mexikon lurra beti dago dardarka eta hango jendea ohituta dago, baina kanpokook ez. 2018ko urriaren 19an izan zen. Oso bitxia izan zen, 1985ean sekulako lurrikara egon zenez simulakroak egiten ditugu, eta horietako baten ostean gertatu zen lurrikara.
Berez, simulakroa 12:00etan bukatu zen eta 13:20ak aldera jazo zen mugimendua. Jende guztia zegoen besarkatuta mahai azpian, otoi egiten, sabaia apurtu eta erortzen hasi zen. Nik ez dut inoiz sentitu hiltzear nengoela, egun hori heldu arte. Pentsatu nuen: “Mexikon hiltzen ari naiz”.
20 segundo iraun zuen, dena lasai zegoen eta bat-batean eraikina mugitzen hasi zen. Lurrean nengoen eta leihotik ikusten nituen gauzak erortzen, dena hasi zen kraskatzen nire inguruan.
Oso gogorra izan zen, baina mexikarrak harrigarriak dira. Denak kalera atera ziren laguntzeko, hunkitu egin nintzen.
Hedabideek askotan Mexikoko bortizkeria baino ez dute islatzen, nolakoa da han bizitzea?
Mexiko DFk 20 milioi biztanle ditu eta hona etortzen naizen bakoitzean jendeak esaten dit oso leku arriskutsua dela, baina nik ez dut inoiz arazorik izan. Beste leku batean egingo ez zenuen ezer egiten ez baduzu, ez dago arazorik.