[ERREPORTAJEA] Padelaren sareak harrapatuta

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko urt. 24a, 09:00
Laudioko Udalak iaz jarri zituen martxan bi pista, eta %85ekoa da okupazioa. Aiaraldea.eus

Denbora gutxian jarraitzaile kopuru handia lortu du padelak Aiaraldean. Laudioko pisten okupazioa %85ekoa da. Amurrioko kiroldegian ere egokituko du zelaia bertako udalak.

Zer du padelak horrenbeste jende erakartzeko? Asko dira eskualdean padela praktikatzen duten kirolariak. Laudioko Udalak iaz jarri zituen martxan bi pista, eta %85ekoa da okupazioa. Gardeako azpiegituretan elkartzen dira Okondo, Aiara, Amurrio eta Laudioko zaleak, besteak beste. “Padel kirolak ez du jolasteko adinik. Berdin du generoak eta egoera fisikoak. Erraza da partidu mistoak ikustea, adin eta baldintza guztietakoak. Zalantzarik gabe, hau da bere arrakastaren zergatia”, dio Janire Fernandez laudioarrak.

Orain arte, Laudioko Isasi urbanizazioan eta Artziniegako Garabilla nekazal etxean soilik praktika zitekeen padela, instalazio pribatuetan, hain zuzen. Hori dela eta, Arrigorriagara, Ugaora edota Bilbo inguruetara jotzen zuten aiaraldearrek. Herritar talde batek sinadura bilketa hasi zuen orduan Laudioko Udalari zelaia atontzea eskatzeko. Tokiko erakundeak bi zelai egokitu zituen Gardeako tenis pistaren aldamenean. Amurrioko Udalak Bañueta kiroldegiko lizitazio prozesuan erantsi du eskakizuna, eta etorkizunean bertan ere egongo dira pistak.

Mexikotik Aiaraldera
Berez, Mexikon du jatorria padelak. 1969an sortu zuen Enrique Corcuerak bere etxean 20x10 metroko eremuari paretak jarrita, landareek bere pista ez inbaditzeko. “Paddle-Tenis” izendatu zuen ekintza, eta egurrezko palekin aritzen ziren. 1974an eratu zen kirola ofizialki, Alfonso de Hohenlohek Mexikora egindako bisitan. Hain zuzen, Corcuerarekin elkartu zen haren etxean, eta kirola gustatuta, xehetasunak zein arauak zehaztu zituzten. Hala, Marbellan -Espainia- eraiki zituzten aurreneko pistak.

 

Orain arte, Laudioko Isasi urbanizazioan eta Artziniegako Garabilla nekazal etxean soilik praktika zitekeen padela, instalazio pribatuetan, hain zuzen

 

Aiaraldean klubik ez badago ere, Euskal Herrian bada Padel Federazioa. Laudioko Tenis Klubeko Andoni Agirretxek azaldu duenez, badute heltzeko asmoa: “Laudio Tenis Kluba, Euskal Herriko beste hainbat bezala, integrala da; hau da, tenis zein padel klaseak emateko aukera dugu. Horretarako, irakasle titulatuak ditugu. Gaur egun, klaseak emateko eskaera formal bat egin diogu udaletxeari, eta saioak 17:00ak aurretik emateko aukera eman digu. Izan ere, oso handia da zelaia erabiltzeko arratsaldeetan dagoen eskaera kopurua".

Egun, Gardeako kiroldegian -Laudio- soilik dago pista publikoa. “Instalazioak ireki zirenetik padel zaleak hazi eta hazi doaz. Gaur egun oso zaila da pista erreserbatzea, dena betea baitago”, erantsi du Fernandezek. 10 eguneko aurreikuspenarekin eskatu liteke pista. “Interesgarria litzateke udaletxeak pista kopurua handitzea aztertzea. Euskal Herriko Federazioaren datuak oinarri hartuta, etengabe hedatzen ari den kirola da. Horrela, hainbat mailatako klaseak eskaini ahal izango lirateke”.

Eskualdeko torneoak
Bien bitartean, lagun arteko txapelketak prestatzeari ekin diote. Azaroan, esaterako, lehen torneo mistoa antolatu zuten Gardean.“Oso esperientzia polita eta dibertigarria izan zen”, Fernandezen aburuz. 32 lagunek hartu zuten parte: “Bi taldetan banatu genituen, multzo bakoitzetik liga osatu genuen, eta puntu gehien lortu zituztenek jokatu zituzten finalerdiak eta finala”. Fernandezen esanetan, harremanak sendotzea eta padeleko lagunak egitea izan ziren helburuak. Koro Allendek jolastu zuen bertan, besteak beste: “Lehiaketa baino gehiago, padelean biltzen garenak jokatzeko aitzakia izan zen, kirola praktikatzen duen jendea ezagutzeko. Antolakuntza oso ona izan zen, espero dut horrelako gehiago egotea”.

 

Aiaraldeko emakumeen liga antolatzeari ekin diote hainbat jokalariren artean

 

Aitarengandik jaso zuen Allendek padelerako ohitura, gazteago zela berarekin jolasten baitzuen: “Duela 2 urte hasi nintzen serioago. Hasieran Arrigorriagako pistetara joaten nintzen lagun batzuekin, eta orain Gardean aritzen naiz”. Egunotan, Aiaraldeko emakumeen padel liga prestatzen ari da, beste kide batzuekin batera.

Aiaraldeko emakumeen liga
“Emakumeen ligaxka antolatzen ari gara. Alde batetik, kirolean interesa duten emakumeak padelean jolastera animatzeko eta, bestetik, kirol munduan gabiltzan emakumeoi ikusgaitasuna emateko”, aipatu du.
Izandako harrerarekin pozik daude, “momentuz eskualdeko 32 emakumek eman dute izena, adin guztietakoak”. Hori dela eta, ligak zenbait hilabete irautea aurreikusi dute. “Finala jolasteko egun bat egongo da”, aurreratu du antolatzaileak. Finalerdiak eta finala martxoaren 23an jokatuko dituzte. Izena emateko, berriz, urtarrilaren 26an izango da hitzordua, 12:00etatik 13:00etara Gardeako kirolgunean. Gastuak finantzatzeko 10 euro ordaindu beharko ditu partaide bakoitzak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide