Bere fikziozko lehen filma luzea sortzeko prozesuari heldu dio Esti Urresolak. 20.000 especies de abejas da proiektuaren izenburua. “Gariza Films ekoiztetxe zornotzarrak antolatzen duen Una habitación propia erresidentzia artistikoaren baitan erditu nuen”, azaldu du zinemagile laudioarrak.
Aurreratu duenez, gidoiaren lehen bertsioa idazten ari da orain. “Dena ondo badoa, datorren urtean garapen faseari hasiera emango nioke: lokalizazioen bilaketa, lan talde tekniko eta artistikoaren osaketa, finantziazio bilaketa eta aurre-ekoizpen faseari dagozkion hainbat lan”. Gauzak hala, bide luzea du oraindik egiteko. “Zorte handiarekin 2020. urtearen amaieran edo 2021aren hasieran ekingo nioke grabatzeari”. Pelikula aurrera ateratzea “erronka handia” izango delakoan dago Urresola, eta argi du ez dela “prozesu motz ezta erraza” izango.
NOKA mentoring programan hautatuta
Hala ere, proiektua garatzeari begira pausu esanguratsua ematea lortu du Urresolak, NOKA mentoring programaren lehen edizioan hautatu baitute. Modu horretan, laguntza pertsonalizatua jasoko du laudioarrak.
Urresolak nabarmendu du “sekulako poza” hartu zuela hautatu zutela jakin zuenean. “Aukera paregabea da, ez bakarrik nire proiektua lantzen eta sakontzen jarraitu ahal izateko, baita aldi berean hura ezagutarazi eta balizko lankidetzak topatzen hasteko ere”.
Programa “oso osatua eta integrala” dela gaineratu du zinemagileak, pelikula bat garatzeko igaro beharreko fase guztiak hartzen dituelako. “Banaketa eta nazioarteko salmentak nola enfokatu aztertzeko parada izango dugu ere”.
Eskola-jazarpena pairatzen duen bost urteko neska baten istorioa kontatuko du filmak. Haurra Euskal Herrira doa bizitzera bere amarekin, gurasoak banadu ostean. Bertan, baina, iraganeko gatazkak azaleratuko dira amaren eta amonaren artean.
Hainbat filma labur eta ikus-entzunezko proiektu plazaratu ditu Urresolak. Paperezko ahotsak filma dokumentala estreinatu zuen Donostiako Zinemaldian, eta Lamuza Ikastetxean grabatutako Nor Nori Nor filma laburra estreinatu zuen iaz.