Basoetan bioaniztasuna sustatzeko neurriak hartu ditu udalak

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko urt. 25a, 10:57

Basoen biziberritzeari buruzko neurriak aurkeztu ditu udalak. / Aiaraldea.eus

Laudioko Udalak mendi erabilera publikoko basoak landatu ditu. Intsitis (Radiata Pinua) eta eukaliptuaren areagotzearen aurrean, hartutako neurriak azaldu ditu gobernu taldeak.

Espezie inbaditzaileei aurre egiteko udal irizpideak azaldu ditu Jon Ander Altube alkateordeak udal prentsaurrean. "Duela 15-20 urte arte oso errentagarria zen pinua sartu zen". Egun, baina, merkatuan zeharo jaitsi da balioa, eta espezie inbaditzaileak areagotzearen ondorioz, zenbait neurri hartu ditu tokiko erakundeak. 

900 hektareari eragiten die erabilera publikorako mendi eremuak. "40-50 hamarkadetan, baina, mendiak biluzik zeuden, apenas zuhaitz gabe", gogoratu du Altubek. Egun, 6 baso gunetan bereizita daude lur sail horiek: Arraño, Goienuri, Pagolar... inguruetan, hain zuzen. 900 hektarea horietatik %40 da intsinis zuhaitza (Radieta pinua): "Duela 15-20 urte arte oso errentagarria zen, orain balioa jaitsi den arren". Bioaniztasunaren aldeko apustua egingo du EH Bilduk: "Pixkanaka ordezkatzen joango gara, oreka bilatuta. Basoek kolore eta aniztasuna izatea nahi dugu". 

Izan ere, geroz eta gehiago dira eukaliptuak. "Kezkagarria da hori, natur ingurunean izan dezakeen eraginagatik". Espezie inbaditzailea izaki, udalak ez du sekula landatuko. Hala, pinuetatik eskuratutako dirua mendien bioaniztasunean inbertituko du udalak, "babesle ere izan behar dugu".

Hartutako neurriak
Basoen kalitatea hobetzeko zenbait neurri jarri dituzte martxan dagoeneko. Horien artean daude Arrañon, Larrean edota Goienurin hostozabalak landatzea edota Zenagortan 2 hektarea gaztainondo ereitea, zuhaitzak eta frutuak historikoki zein ekonomikoki izandako garrantziari bide emanez.

Oraingoa, ordea, ez da lehenbiziko pausoa izan: 2017an 75 hektarea baso landatu zituen udalak. "Intsinisa herena baino ez zen izan, 25-26 hektarea; eta hostozabalak 18". Zentzu horretan, errentagarritasun eta osasungarritasunaren arteko oreka bilatuko du tokiko erakundeak, Altuberen hitzetan. 

2018-2019 urteetarako aurreikuspenei dagokienez, 38 lur hektarea biziberrituko dituzte. Horietatik %12 izan da intsinisa, eta %44 astigarrak, erkametzak... Errentagarritasunaz galdetuta, alkateordeak argitu du Arabako Foru Aldundiak ezartzen duela: "Irabazien %15 jasotzen du udalak hortik". Are, azpimarratu duenez, bi urteren buruan hustutako basoak biziberritu behar dira legez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide