Txinan zaude futbol eskola batean. Nola iritsi zara horraino?
Futbola beti izan dut gustuko eta azken 14 urteetan entrenatzaile bezala aritu naiz. Azken urteetan buruan izan dut atzerrira joatearen ideia. Lehenengo harremana 2017. urtean izan zen, martxoa aldera, baina hemen hainbat konpromiso eta eginbehar nituenez albo batera utzi nuen. Hau buruan izanda, urte amaieran Edinburgora joan nintzen bizitzera nire ingelesa hobetzeko asmoarekin. Azkenik, uztailean aukera berriro etorri zitzaidan eta abuztuan Txinara joan nintzen, Shanghai hirira, hain zuzen ere.
Zertan datza zehazki zure lana?
13 urteko futbol taldearen lehenengo entrenatzaile bezala lan egiten dut eta helburua jokalarien nahiz talde orokorraren maila igotzea da. Talde hau klubaren talde handiena eta garrantzitsuena denez, beste lekuetara jokatzera joaten garenean klubak daukan ospea eta irudia islatu behar dira. Jakin behar da klub hau duela 5 urte sortu zela eta urtero etengabe hazten ari dela.
“Gaur egun Txina osoan mila futbol akademia daude, batez ere, azken urteetan sortutakoak”
Zer nolako futbol harrobia dago Txinan?
Txinako gobernutik hasita -presidenteak futbola bultzatu nahi du- hiri eta herrietara zaletasun hori iristen ari da. Gaur egun Txina osoan mila futbol akademia daude, batez ere, azken urteetan sortutakoak. Gainera, ia eskola guztiek dituzte F-8 edo F-11eko zelaiak. Futbolean gero eta neska-mutil gehiago daude, etorkizunean Txinan dauden taldeen eta jokalarien maila igotzeko helburuarekin.
Zelan moldatzen ari zara zu Txinan?
Espero nuena baino askoz hobeto. Klubeko lankideak eta beste entrenatzaileak oso jatorrak dira eta beti daude laguntzeko prest. Hau oso garrantzitsua da egunerokotasunean eroso sentitzeko.
Hizkuntzaren aldetik, lankide nahiz entrenatzaile batzuekin ingelesa erabiltzen dut. Taldeko umeekin ere ingelesa erabiltzen dut, batez ere 6-7 mutil baliatuta talde guztiari mezua zabaltzeko. Bestetik, hizkuntza zaila izanda ere, txinera ikasten hasi naiz. Zailena iruditzen zaidana hizkien eta hitzen intonazioa da.
“Gazteen futbolean gauzarik ezberdinena gurasoen portaera izan daiteke. Ez dituzu ikusten guraso protagonistak, euren semea hurrengo Messi edo Aduriz izango dela uste dutenak”
Oso ezberdina da hemengo eta bertako bizitza?
Guztiz ezberdina, kultura oso ezberdina da. Gizartearen antolakuntza, gizartearen zaletasunak denbora librean, kirolaren antolakuntza, hizkuntza, janaria… Lehenengo hilabetean gauza asko harritzen ninduten eta zaila da gauza bakarra aipatzea. Pare bat egun egongo ginateke istorioak kontatzen.
Futbolaren zaletasuna handia da Euskal Herrian. Txinan ere horren handia da?
Zaletasuna handitzen doa eta jolasten dugun zelaietan ikusten duzu jendea hurbiltzen dela. Futbol profesionalean gauza berdina gertatzen da, gero eta jende gehiago hurbiltzen da animatzera.
Lehengo mailako taldeek jende asko daukate atzetik. Gazteen futbolean gauzarik ezberdinena gurasoen papera izan daiteke. Hemen gurasoak animatzera edo isilik egotera mugatzen dira. Ez dituzu ikusten guraso protagonistak, euren semea hurrengo Messi edo Aduriz izango dela uste dutenak. Klubari, beste jokalari eta entrenatzailearekiko errespetua oso handia da. Partida amaitzean eskerrak emateko duten ohitura oso polita eta gomendagarria da.
Txinan futbol munduan jarraitzeko asmoa duzu?
Momentuz hemen oso gustura nago eta kontratua amaitzen denean ikusiko dugu zer gertatzen den. Nire burua egunerokotasuna bizitzean dago eta ez dut pentsatzen hurrengo hilabeteetan edo urteetan zer gertatuko den.
Beste zer edo zer gaineratu nahiko bazenu...
Aipatzea Shanghai hiria izugarria dela. Eraikuntza handiak eta leku oso politak ditu. Oso normala da hiriaren erdigunean edozein herrialdeetako jendea topatzea. Noizbait bisitatu behar den hiria dela deritzot.