“Luxenburgon oso zaila da anonimoa izatea, eta are gehiago nire lanbidean”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urt. 28a, 08:00
Giza baliabideen departamentu batean egiten du lan Beñat Urquijo Celak.

Luxenburgon bizi da BEÑAT URQUIJO CELA (Laudio, 1982). Bertako bizimoduaren inguruan mintzatu da.

Luxenburgon zaude bizitzen. Zer dela eta?

2013. urtean Laudion lan egiten ari nintzen Guardianen eta aukera izan nuen Luxenburgora etortzeko giza baliabide departamentu bat zerotik sortzeko enpresak hemen zeukan fabrika batean. Aste bat pasa nuen hemen eta erronka onartu nuen.

Zure antzeko egoeran dagoen hemengo jende gehiago dago Luxenburgon?

Oso espainiar gutxi daude Luxenburgon eta euskaldunak are gutxiago.

Aldaketa asko sumatzen dituzu Luxenburgoko lan baldintzen eta hemengoen artean?

Soldatak askoz altuagoak dira, baina bizitzaren kostua ere altuagoa da.

Nolakoa da zure eguneroko bizitza bertan?

Bizitza gutxi egiten du jendeak kalean eta harremanak hotzagoak dira. Oso ezberdina da hemengo bizimodua Aiaraldean dagoenarekin alderatuta. Argi ordu gutxiago daude hemen Euskal Herriarekin konparatzen badugu.

Kalean bizitza gutxiago dagoela aipatu duzu. Nola igarotzen du orduan jendeak aisialdia?

Normalean neguan jendeak denbora etxean pasatzen du eta aktibitate sozialak etxean egiten dira.

Frantsesa, alemana eta luxenburgera dira hizkuntza ofizialak bertan. Nolakoa da hiru hizkuntza horien arteko elkarbizitza? Zu nola moldatzen zara egunerokoan hitz egiteko?

Frantsesa hona etortzean ikasi nuen, alemanez jada hitz egiten nuen gutxi gorabehera eta luxenburgera ulertu dezaket baina ez dut hitz egiten. Mundu guztiko jendea dago hemen eta egunero hizkuntza asko entzun daitezke. Beti aurkitzen dugu beste pertsonarekin partekatzen dugun zerbait.

Oso herrialde txikia da Luxenburgo. Zertan nabaritzen da hori egunerokoan?

Egunero ikusten dut ezagutzen dudan jendea leku guztietan, oso zaila da anonimoa izatea eta oraindik zailagoa nire lanbidean. Gobernua hain da txikia ezen Lehen Ministroarekin laupabost bileratan egon bainaiz.

Argi ordu gutxiago egoteak zer nolako eragina du eguneroko bizitzan?

Eguzkia dagoenean jende guztia kalera ateratzen da edozer egiteko.

Baduzu harremanik bertan bizi den Euskal Herriko jendearekin?

Harreman gehiago daukat Luxenburgoko jendearekin. Ez dakit euskal komunitaterik dagoen ere.

Baduzu itzultzeko intentziorik edo momentuz bertan geratzeko asmoa duzu?

Momentuz ez daukat presarik itzultzeko. Baina aukera ona aurkezten bada, zergatik ez?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide