Auto istripua izan zuen atzo Iñigo Pedruzok Gasteiztik Laudiora bidean zihoala. Autoak irrist egin zuen euriagatik eta bazter-babesaren aurka egin zuen talka. PPko zinegotzia onik atera zen ezbeharretik, baina autoak kolpe handia hartu zuen.
Sare sozialen bidez azaldu du Pedruzok gertatutakoa, eta politikarien jarduna goraipatzeko baliatu du tartea. “Askotan esaten da politikatik oso ondo bizi dela, baina hori probintzietako hiriburuetan baino ez da gertatzen, liberatua dagoen jendeari. Gainontzekoak musu-truk aritzen dira euren herriaren alde edo, kasurik onenetan, konpentsazio ekonomiko bat jasotzen euren lanetik jasotzeari uzten diotena orekatzeko”, adierazi du PPko zinegotziak.
Lanetik plenora zuzenean
Laneko bilera bat zuen Pedruzok Gasteizen, eta Laudioko Udal Osoko Bilkurara joateko hartu zuen autoa. Istripua medio, berandu iritsi zen plenora. Politikariak eskerrak eman nahi izan dizkie “lehen minututik” beragatik kezkatu diren pertsona guztiei.