Mungiako talogileak gose eta egarri greba utzi du, alkateak erantzun egin diolako

Erredakzioa 2019ko ots. 1a, 19:45

Atzo abiatu zuen greba abeltzainak. / A.A

Alkateak erantzuna eman diolako utzi du greba, erantzuna ezezkoa izan den arren.

Gose eta egarri greba abiatu zuen atzo Aitor Aurrekoetxea abeltzain mungiarrak, San Blas azokan talo postua jartzeko baimena ukatu egin ziotelako. Baina talogileak protesta utzi du dagoeneko, Laudioko alkateak erantzun bat eman diolako.

Talogileak adierazi du Lehiaren Euskal Agintaritzak behartzen duela zozketa bidez erabakitzera espazio publikoaren banaketa, eskatzaile ororentzat lekurik ez badago. Mungiarrak dio aurretik epaiketa irabazi diola udalari antzeko kasu batean.

Udalak emandako arrazoiak
Laudioko alkateorde Jon Ander Altubek gaur goizean azaldu du tokiko erakundeak ez duela San Blas azoka antolatzen, baizik eta Kukutze San Blas elkarteak.

Berez, ordezkariak elkarteak egiten duen lana goraipatu du eta erabakia babestu du: "Kukutze San Blasek lan handia egiten du baserriaren oroimen historikoa berreskuratzeko eta eurek antolatzen dute azoka. Guk soilik ematen diogu baimena eremu publikoa erabiltzeko, eta berak kudeatzen du".

Epaiaren harira, Altubek nabarmendu du ez dagoela ados Lehiaren Euskal Agintaritzaren ikuspuntuarekin: "Auzoko jaietan edo Galiziar Etxeko jaietan edota Araba Euskarazen inork ez die esaten antolatzaileei zein txosna edo barraka jarri behar den. Hori antolatzaileek erabakitzen dute".

Azkenik, alkateordeak gehitu du udalak antolatzen dituen azoketan oinarriak zehazten dituela: "Dolumin Barikua udalak antolatzen du eta oinarrietan argitzen du zeintzuk diren baldintzak postua jartzeko, baina San Blas azokan laguntzailea da, besterik ez".

Bestalde, Kukutxe San Blas elkarteko kideek adierazi dute espazio publikoak mugak dituela eta ez dagoela lekurik ekoizle edo eskatzaile guztientzat eta, ondorioz, batzuk kanpoan geratu behar izan direla.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide