Hiru baserritarren artean sortu zen San Blas azoka antolatzeko ideia, "industrializazioaren ondorioz, esnea dendetatik ateratzen zela uste zuten umeek, eta kezkatuta zeuden". Hala, urteroko zita bat sustatzea erabaki zuten, baserriko ohiturak eta bizimodua herriratzeko asmoz. Otsailaren 2an izan zen jaia, eta makina bat artisauak eta baserritarrek hartu zuten parte: "Hori izan da beti gure helburu nagusia. Horregatik omentzen dugu urtero baserritar bikote bat, bere bizitza baserriari eskaintzea erabaki dutena". Aurten, emakume baserritarren lana aitortu dute.
Oharrean azpimarratu dutenez, irabazi asmorik gabeko elkarte eta ekimena da Kukutxe San Blas elkartekoa. Diru-laguntza jaso arren, urteren batean edo bestean galerak izan dituztela ekarri dute gogora. Aurtengo edizioari dagokionez, balorazio positiboa egin dute: "Azokaren hastapenetan gogorra izan zen postuen presentzia bermatzea, baina gaur egun aukeratu beharrean gaude. Irizpide bezala, Laudio eta eskualdeko baserritarren parte hartzea lehenesten dugu".