EAEko eta Nafarroako taldeek eta bakarlariek ateak zabalik dituzte Rockein musika lehiaketan izena emateko. Oinarriak hemen irakurri daitezke.
Parte hartzeko inskripzio-orria bete beharko dute (www.basauri.net eta www.facebook.com/rockein helbideetan) martxoaren 21ean, beranduenez, bidaltzeko hurrengo helbide elektronikora: rockeinlehiaketa@gmail.com.
Horrekin batera, honakoa aurkeztu beharko dute:
- 3 abesti mp3 formatuan.
- Taldearen argazki bat jpg euskarrian.
- Taldearen deskripzioa eta historia doc, docx edo pdf eredutan.
- Taldekideen errolda-agiriaren nahiz NAN fotokopia, EAE-ko edo Nafarroako bere jatorria egiaztatzeko.
2019ko edizioa, berez, zazpigarrena bada ere, Laudioko Udalak antolakuntzan ekarpena egingo duen hirugarren aldia izango da honakoa.
Finala maiatzaren 11n izango da eta egunean bertan erabakiko dituzte irabazleak. Social Antzokian egingo dute eta hainbat kategoria egongo dira: lehiaketaren irabazlea (gutxienez Nafarroa eta EAEko kide bat izan beharko du taldeak), tokiko talderik onena (Laudio, Arrigorriaga, Basauri eta Galdakaoko musikari bat beharko du formazioak), euskarazko talderik onena eta publikoaren saria.
Garaileak EP baten grabazioa eta ekoizpena egiteko parada izango du. Horrez gain, talde irabazleak 500 kopiako edizioan plazaratuko ditu abestiak eta Maz Basauri jaialdian joko du.
Iaz 135 taldek parte hartu zuten lehiaketan eta 7 Laudiokoak ziren. Tokiko udalak garrantzia ematen dio deialdiari, herriko musikarientzat erakusleihoa dela iritzita.