Bertan behera utzi dute Aiala Vidrioko greba. Atzo eginiko langile batzarrean hartu zuten erabakia. 163 beharginek bozkatu zuten alde eta 104k aurka. Bi boto txuri eta baliogabe bat ere egon ziren.
Hala ere, negoziaketetan jarraituko dute sindikatuek zuzendaritzarekin. “Gauza batzuk geratzen zaizkigu adosteko ordainketa lizentzien inguruan, besteak beste”, azaldu dute ELAko kideek. “Eskatzen genituen gauza gehienak lortu ditugu”, nabarmendu du sindikatuko ordezkaria den Urtzi Etxebarriak.
LABen oharra
LAB sindikatua kritikoago azaldu da. “Ez dugu azken asteburua profitatu zuzendaritzari presioa egiten jarraitzeko, enpresa negoziatzeko prest azaldu zen arren”. Sindikatu abertzaleko kideek gogorarazi dute langileek hainbat aldarrikapen zituztela: “artikulu sozial guztia definitzen amaitzea lanuzteak bertan behera utzi baino lehen, lanegunetako orduak gutxitzea eta aurreko proposamenarekiko hobekuntza ekonomikoa egotea”.
Azaldu dutenez, iragan ostiralean eginiko bileran zuzendaritzak lehenengo bi puntuetako zenbat alor onartu zituen. “Horregatik, uste genuen unea zela hobekuntza ekonomikoaren aferari bultzada emateko, kontuan izanda denbora soberan genuela presionatzen jarraitzeko astelehenera arte. Baina, tamalez, badirudi enpresa batzordearen gehiengoari ez zitzaiola interesatzen negoziazioan indar gehiago jartzea”.
ELA sindikatuak, bere aldetik, “azken hitza” langileek dutela nabarmendu du.
Zazpi greba egun
7 egun eman dituzte Aiala Vidrioko langileen greban, lan hitzarmenaren alde. Lanuzteen jarraipena erabatekoa izan da, beharginen ia %100a batu baita protestetara.