aiaraldea.eus

[IRITZIA] San Valentin

Erabiltzailearen aurpegia Iraia Pereiro Urkijo   Iritzia  Laudio
[IRITZIA] San Valentin
Irudia: Sastraka | Ikusi handiago | Argazki originala

Hortxe duzu emakume*, sistema heteropatriarkal kapitalista honek sartu nahi izan digun (eta digun) beste iruzurretako bat. Ez naiz ari loreak oparitzeaz, hain dira ederrak. Ez naiz ari kandelen argitan afaltzeaz, hain da plazera tripa betetzea, hain da goxoa kandelen berotasuna. Maitasun erromantikoaz ari naiz, ene borroka lagun. Jaiotzen garenetik gure bizitzaren erdigune bilakatzen den anestesia, opioa, hain zuzen ere.

Dena ondo doakit, bizitza osoan planifikatu eta amestu dudan laranja erdia topatzea falta zait, orduan bai izango naizela benetan zoriontsu. Azkenik agertu da nire printze salbatzailea. Jeloskor jarri da, horrek bai maite nauela. Zu gabe ez naiz ezer, ezer, ezer. Nola ez dut barkatuko, gure maitasunak ekaitz guztiei aurre egiteko indarra badu, bat gara, bakarra. Ez du nirekin egon nahi, amaitu da nire bizitza. Nire errua da, barkatu nazazu… Ai San Valentin, zelako jipoia sartu diguzuna, baina zuk eta zure lagunek ondo dakizuen bezala noski, isiltasunez, mina laztanez mozorrotuz, gure aukera dela sinetsiaraziz.

Baina, santutxo maitea, amaitu da jokoa. Amaitu da otso gorputz horren gainean ardi larrua jartzearen estrategia, gu gara otsoak, gu gara piztiak, eta haginez zein atzaparrez erauziko dizugu ardi mozorro hori. Ez dugu atzera egiteko asmorik, hemen gaude. Urte askotan berez gertatzen den zerbait dela kontatu diguzue, ilargiak eguzkia behar duen moduan behar zaituztegula, baina gainean bota diguzuen pisu jasangaitza dela badakigu, eta hortaz, apurtzeko aukera dugu. Eta ez izan zalantzarik, lurra astinduko duen eztanda izango da, izaten ari da, amaitu da beldurra, zure bila goaz heteropatriarkatu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa