aiaraldea.eus

Berri Txarrak duela 15 urte Laudioko Gaztetxean jotzen

Erabiltzailearen aurpegia Urko Izquierdo Ereño   Kultura  Laudio

"Etenaldi mugagabea" iragarri du Berri Txarrak taldeak. Agur biran buru-belarri igaroko dute urtea, eta hainbat kontzertu eskainiko dituzte Euskal Herriko gaztetxe eta areto txikietan. 2003. urteko martxoaren 30ean Laudioko Gaztetxean jo zuen taldeak. 

Urko Izquierdo Ereñok kontzertu horren kronika plazaratu du: 

Laudiora jaisten ginen gehienetan parkera gindoazen bertan lasai egotera, baina gau hartan parkeko sarrera eta gaztetxeko inguruak gaztez gainezka zeuden. Tentsio gozoa, ezinegon erosoa eta bai, urduritasuna. Talde on baten zuzenekoa ikustera noanean ditudan sentipenak. Gaztetxeko sarrerak sentipen horiek areagotzen ditu, gela horren barruan topako duzunaren irrika pizten duelako. Nolakoa izango da bateria? Pedal bakarra edo bikoitza? Gitarra ikusgai egongo? Mikroak, baxuaren korda kopurua, itxura… gauza horiek.

Berri Txarrak-en zuzenekoa ikusten nuen lehenengo aldia zen eta ez nuen inolako xehetasunik galdu nahi, baina kontzertuaz gozatu nahi nuen ere. Data zehatzik ez dut gogoratzen, baina hotza zegoen kanpoan edo bero handia barruan. Izan ere, gaztetxeko kristalak lausoturik zeuden. Gau hartan gaztetxearen paretek zelan dar-dar egiten zuten gogoratzen dut. Musikak dena betetzen zuen. Abesti bat bestearen atzetik eta bitartean hitz gutxi. Dena musika, dena ondo. Ez zuten hutsik egin. Kontzertua amaitu eta asebete sentipen batean murgilduta nengoen. Hori bai, lepoko mina egun pare batez eduki nuen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa