"Idazteak bizipoza ematen dit"

Aitor Aspuru Saez 2019ko ots. 28a, 08:32
Patxi Iturregi bere liburuarekin. / Aiaraldea.eus

PATXI ITURREGI (Laudio, 1952) literaturaren mundura itzuli da Ur biren artean liburua argitaratuta. I. Mundu Gerran eta itsasoan dago girotua eta 12 ipuinez osatua dago.

Liburu berria plazaratu duzu, zenbat denbora eman duzu horrekin?
 
Nire bizitzaren une batean, ezinezkoa zitzaidan uztartzea lana eta zaletasuna. Depresio baten ondorioz aukeratu behar izan nuen, eta literatura idazteari utzi nion.
 
Bestelako gauzak idazten jarraitu nuen, baina une txarra izan zen niretzat. Liburu denda batean sartuz gero, tristura ikaragarria sentitzen nuen. Erdi negarrez atera behar nintzen, txarto sentitzen nintzelako. Denboraren poderioz sentsazio hori baretzen eta lasaitzen joan zen eta berriro idazten hasi nintzen.
 
Orain erretiroa eta arnasa hartu dudala, sendo eta indartsu sentitzen naiz eta ekin diot idazteari.
 
Ur biren artean liburua argitaratu berri duzu, 12 ipuinez osatutakoa. Itsasoa eta I. Mundu Gerra dira kontakizun guztien ardatzak, zergatik?
 
Nik ez nuen aukeratu, berez etorri zitzaidan. Komiki gidoi bat idatzi nahian hasi nintzen. Horretarako hautatu nuen historia erreala; Erribero goletarena. Wolframaren kontrabandoan ibili zen itsasontzi hori I. Mundu Gerran. Mineral oso preziatua zen eta Bilbon hartzen zuen eta Kanariar Uhartetara eramaten zuen. Itsaspeko alemaniarrek jasotzen zuten.

 

"Fikzioa lantzen dut, ez dut ezer historizista egin nahi"

 

Horrekin hasi nintzen, baina fikzioa lantzen dudanez, bestelako kutsua eman nion historiari, ez dut zerbait historizista egin nahi. Konturatu nintzen istorio horren arrimura bururatzen zitzaizkidala fikziozko bestelako kontakizunak, askoz interesgarriagoak.
 
Berehala sumatu nuen hortik aterako zela liburua eta horregatik aukeratu nuen garai hori. Garai interesgarria da. Alde batetik, I. Mundu Gerran neutrala zen estatu espainiarra eta neutraltasunak ekarri zuen une historiko ona aberastasuna sortzeko kanpoko gerrari esker. Denetarik saltzen zuten: armak, elikagaiak, oihalak...
 
Asko ikertu duzu liburua idazteko?
 
Ikerketa gutxi egin dut. Garaiko hemerotekara jo dut, eta informazio dezente dago. Gure inguruan ere ezaguna da. Nik fikziotik landu dut apur bat.
 
Hala ere, zuk itsasoan lan egin duzu.
 
Bai, nik nautika ikasi nuen Portugaleteko Eskola Teknikoan eta pilotu egin nintzen. 70eko hamarkadan ibili nintzen itsasoan, 3 urtez, ez oso denbora luzean.

 

"3 urtez itsasoan egin nuen lan 70eko hamarkadan"

 
Gero soldaduska bete behar izan nuen eta itzuli nintzenean 80ko krisia topatu nuen. Ontziola handiak itxi zituzten. Garai horretan bazegoen aberastasuna eta hainbat enpresek (Letasa, Artola...) itsasontziak ekoizten zituzten.
 
Guztiek egin zuten porrot eta lanik gabe geratu nintzen. Orduan euskara ikasi berria nuen eta AEKn lanean hasi nintzen irakasle moduan. Euskarazko irakaskuntzan sartu nintzen eta han eman dut bizitza osoa.
 
Zure esperientzia islatu liburuan?
 
Nik ez dut eleberri autobiografikorik idazten. Jakina, beti erabiltzen dut nire esperientzia, itsasoan izandakoa, alegia, giro hori deskribatu ahal izateko. Badakit nolakoa den itsas giroa, baina beste guztia literatura da.
 
Esaterako, nik egile klasikoetatik asko jaso dut: Joseph Conrad, Mellville, Stevenson, Jack London... Nor ez da liluratzen literatura horrekin?

 

"Egile klasikoak oso gogoko ditut: Joseph Conrad, Melville, Stevenson, Jack London..."

 

Euskaraz ere egon da zerbait, baina xumeagoa, arrantzari lotuta baitzeuden. Zentzu horretan, nik berrikuntza ekarri nahi izan dut, merkantzia-ontzien bizimodua islatuta.
 
Nik beti entzun izan ditut itsasoko istorioak eta gustuko nituen. Nire amaren aldeko familia itsastarra zen eta naufragioen, kontrabandoaren eta itsasontzien kontuak entzuten nituen. Nire amamaren etxeko jantokian ikusgai zeuden nire aitonak lan egindako ontziak: Aritzatxu, Urkiolamendi... liburuan agertzen diren itsasontziak horiek dira.
 
Nola agertzen da I. Mundu Gerra liburuan?
 
Gerra beti dago atzeko oihal baten moduan. Istorio guztietan agertzen da, baina kontakizunen muina ez da gerra, baizik eta amodioa, tratu txarrak edo mendekua.

 

"Kontakizunen muina ez da gerra, amodioa, tratu txarrak edo mendekua dira, eta guda atzeko oihala da"

 

Hori bai, Europako gerra beti dago atzean eta batzuetan agertzen da. Adibidez, itsastar batzuek bidaiatu behar dute Tangerretik Cardiffera eta bidean agertzen dira itsaspekoak edo mehatxuak.  Amodiozko istorio batean gerraren oihartzuna dago, esaterako.
 
Badago beste ardatz bat ipuin guztietan, aldez edo moldez. Kontakizun guztiak Bilbo hirira edo itsasadarrera lotuta daude.
 
Ideia berriak dituzu idazteko?
 
Genero laburrean oso eroso sentitzen naiz. Eleberri luzeak ez ditut gogoko. Edonola ere, bi liburu idatzi ditut itsasoari buruz eta hau da beste baten jarraipena da, Haize kontrarena, hain zuzen. Horrek bazuen ere itsas giroa eta trilogia osatu nahiko nuke, Barojak egin bezala, nahiz eta berak azkenean tetralogia egin.
 
Gero badaukat beste ipuin mota bat, honetatik aldenduta, nire hirugarren liburuan -Diorama- jorratutakoa. Gogoko izango nuke ere komiki baten gidoia idaztea.
 
Atzera begira pozik zaude idatzitakoarekin?

Bai, oso ondo ikusten dut. Lehenengo liburua ondo baloratu zuen kritikak. Itsas munduko istorioak biltzen zituen. Behi Eroak liburuarekin aldendu nintzen gai horretatik eta hirugarren liburuarekin ere oso pozik geratu nintzen. Ipuingintza landu nuen, baina beste estilo batekin.

Honekin hasierara itzuli naiz eta poz-pozik nago. Hain denbora luzean geldirik egon ez banintz hobeto egongo litzateke, baina horrela suertatu da.

Idaztea da nire bizitzaren erdia. Nik gozatu egiten dut idazten. Beste egileei entzuten diedanean, batzuek esaten dute terapia moduan egiten dutela, eta beste batzuek ogibidea dutelako. Niri bizipoza ematen dit. Amateurra naizenez, askatasun osoa daukat nahi dudanari buruz idazteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide