Errefuxiatuen egoeran saskibaloiaren bidez eragin nahi duen proiektu baten aldeko jaialdia, gaur Orbeko Etxean

Txabi Alvarado Bañares 2019ko ots. 23a, 12:00
Ekimenaren irudia.

“Basket beats borders” ekimenera bideratuko dute Defenestre Fest jaialdian lortuko duten dirua.

Defenestre fest jaialdiaren IX. edizioa egingo dute gaur Laudioko Orbeko Etxea baserri okupatuan. Amhra, Black Panda, Hairesis, Hell Division eta Los Conejos taldeek joko dute 19:30etik aurrera. Zita berezia izango da, egitasmo solidario batera bideratuko baitute biltzen duten dirua. “Basket beats borders” proiektua laguntzea izango da jaialdiaren xedea. Oihana Alberdi dago ekimen horretan buru-belarri “Aspalditik ezagutzen ditut jaialdia antolatzen duten pertsonak. Proposamena bidali nien eta berehala erantzun zidaten kontzertuetarako dirua proiektura bideratu nahi zutela”, azaldu du.

Errefuxiatuen egoera saskibaloiaren bidez eraldatzea da egitasmoaren xedea. “Errefuxiatuak toki batean ixten dituzte eta ez diete ateratzen uzten. Horrek asko mugatzen ditu hainbat gauza egiterako orduan. Argi mozketa etengabeak dituzte, ur edangarririk ez... ez dute espazio propiorik”. Gauzak hala, kirolak “espazio propio” horren eraikuntzan laguntzen duela uste du Alberdik. “Gazteei lagundu egiten die elkar erlazionatzen, bizitzarekiko irizpide kritikoak izaten, eguneroko osasuntsu eta positibo bat garatzen”.

Topaketa udan Euskal Herrian
“Inklusibitatea eta genero perspektiba” ere lantzen ditu proiektuak, Alberdiren esanetan, “eskaintza anitza izan dadin bai neska zein mutilentzat, euren adineko gazteak ere ezagutu dezaten”. Shatilako errefuxiatu esparruan sortutako nesken saskibaloi talde bat du ardatz egitasmoak. Topaketak antolatzen dituzte, saskibaloia praktikatu eta “bizitza esperientziak elkartrukatzeko”. Euskal Herrian egin nahi dute aurtengo topaketa, ekainaren 18tik uztailaren 10era. Baina ez dira horretara mugatuko. Shatilan bertan zentro bat ere sortzen ari dira. “Topagune bat izango da, kirolarekin erlazionatutako gauzak egiteko balioko duena”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide