Prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Arabako Foru Aldundiak Laudioko Kasinoan. Lamuza parkeko jauregian egingo dituzten obren xehetasunak azaldu dituzte. Kultura Etxea, Ludoteka, Gaztetxea, Euskaltegia eta beste hainbat espazio barnebiltzen ditu gune horrek.
Eraikinen kanpoko aldean jarriko dute arreta obren lehen fasean. Leihoak eta fatxadak berrituko dituzte, besteak beste. “XX. mendearen hasieran zuten itxura berreskuratu nahi dugu”, azaldu du Gaizka Camino foru arkitektoak. Altzairuzko hezurdura mehe batzuez osatutako kristalak ipiniko dituzte horretarako. Era berean, leiho batzuek dituzten barroteak kenduko dituzte.
Sabaiei dagokionez, isolamendu termikoa bermatzea izango da obren xedea. 14 zentimetroko geruzaz hornituko dute horretarako,“artilezko arroka” deritzon materiala baliatuta. “Erakinak oso anitzak dira. Gauzak hala, ezingo dugu toki guztietan berdin jokatu. Toki batzuetan, barrutik sartu beharko dugu materiala eta beste batzuetan kanpotik”. Era berean, biomasa bidezko berogailua kokatuko dute, “eraginkortasun energetikoa hobetzeari begira”.
Jauregi barruko arkupeak ere berritu nahi dituzte. “Gure hasierako asmoa arkupeak kentzea zen, baina diseinu berri bat atontzea pentsatu dugu azkenean, argiztapena hobetzea ahalbidetuko duena”.
Urtebeteko lana
Udaberrian egingo dute lanen esleipena. Obrak uda ostean hasiko lirateke, eta urtebete iraungo lukete. “2020. urtearen amaierarako egongo lirateke amaituta”, aurreikusi du Cristina Gonzalez diputatuak. Zehazteke dute oraindik nolakoa izango den berritze prozesua. “Ez dakigu oraindik jauregiko zein aldetik hasiko garen lan egiten. Hainbat eraikuntza enpresen aukerak aztertu behar ditugu lehenbizi, eta klimak ere eragin handia izango du, sabaiak berritzerako orduan batez ere”, erantsi du Caminok.
Bigarren fasea
3,3 milioi euro baliatuko dituzte obra horiek gauzatzeko. “Orain arte parkean egin dugun obrarik handiena izango da. 6,5 milioi euro inbertitu ditugu guztira parkeko azpiegituren berritzen”, nabarmendu du Gonzalezek. Era berean, diputatuak azpimarratu du bigarren fase bat ere egongo dela, “eraikinen barruko irisgarritasuna hobetzea xede izango duena”. Bigarren fase horretan hainbat igogailu gehitu beharko direla uste du Caminok, baina oraindik ez dago zehaztuta noiz eta zenbateko aurrekontuarekin egingo litzatekeen.
SOS Parkea plataformarekin duten harremanaz galdetuta, Aldundiko ordezkariek azaldu dute udalaren bidez bideratzen dutela erlazioa plataformarekin, eta beti kontatu izan dutela euren iritziarekin, “Kasinoko terrazaren aferarekin, adibidez”.
Hemen ikusi daitezke obraren nolakotasunak laburbiltzen dituzten panelak: