“2.716 kilometro egingo ditugu oinez Erromatik Santiagora, baina erronka handiena psikologikoa izango da”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko ots. 27a, 20:50
Jaiotzez laudioarra da Jon Karla Bilbao Casado. / Aiaraldea.eus

JON KARLA BILBAO CASADOk (Laudio, 1964) erronka handi bati helduko dio datorren astean: 2.716 kilometro egingo ditu oinez, Erromatik Santiagora. Hartutako burmuineko gaitzaren gaineko kontzientzia sortzea izango da bidaiaren xedea.

Erromatik Santiagora oinez joateko asmoa duzu. Zer dela eta?

Garuneko infartua izan nuen, eta hartutako burmuineko gaitza eragin zidan horrek. Ezgaitasuna eman zidaten horregatik.

Modu horretan, denbora izan nuen Donejakue bide osoa egiteko. Aurreko urteetan ere egin izan dut txangoa batzuetan, baina astebeteko zatiak egiten beti. Ibilbide osoa egin nuen orduan: Saint-Pierretik Santiagora.

Bakarrik joan nintzen, nire burua probatzeko. Jende asko ezagutu nuen. Oso ondo atera zen bidaia eta hurrengo urtean errepikatu egin nuen. Jorgerekin egin nuen topo orduan, erromes argentinarra. Etortzen zen lehen aldia zen, eta egunak baliatu genituen Muxia eta Finisterreraino joateko.

Orduan azaldu nion bidaia berezia egiteko asmoa nuela, burmuineko gaitza duen jendea omendu eta elkartearentzako dirua bildu ahal izateko.

ATECE Araba elkartera jo nuen orduan, zuzendaritzako kide naizelako. Ideia azaldu nien eta gogo handiz hartu zuten proposamena.

Gauzak hala, egun gutxi barru ekingo diogu bidaiari. Gaur iritsiko da Jorge, nirekin egingo baitu bidea. Astelehenean Erromara bidaiatuko dugu, martxoaren 7an ibiltzen hasteko.


“Elkartearen webgunetik jarraitu ahalko dira bidaiaren nondik norakoak, eta kilometroak erosteko aukera ere egongo da”

 

Hitzaldiak, bideoak... lanketa handia egin duzue proiektua jendarteratzeko. Nolakoa izan da prozesua?

Ekimenak ahal bezainbeste hedapen izatea nahi genuen. Elkarteak ekin zion egitasmoa mugitzeari. Nik badut lagun bat Nanclaresen, Leticia deitzen dena. Gasteizko Ciudadano Cane komunikazio enpresan egiten du lan, eta bera arduratu da komunikazio kanpaina diseinatzeaz, ATECEko kideekin elkarlanean.

Sekulako harrera izan genuen. Hedabide guztietatik deitu ziguten, gaian interesa zutelako. Bideo bat grabatu genuen gero, elkartearen egoitzaren parean:

Elkartearen webgunetik jarraitu ahalko dira bidaiaren nondik norakoak, eta kilometroak erosteko aukera ere egongo da. Oso pozik gaude, komunikabide guztiek erakutsi dutelako gaiarekiko interesa.

Ezustekoa izan da. Galiziako zein Madrilgo hedabideek ere eman dute egitasmoaren berri.

Hainbat aldiz egin duzu Santiagoko bidea, baina inoiz ez duzu horren ibilbide luzea egin. Zein izango da, zure ustez, erronkarik handiena?

Nire ustez erronka ez da horrenbeste fisikoa izango. Mina izan dezakezu, baina ibiltzera ohitua bazaude gertatu ahal zaizun gauza larriena lesio bat da.

Erronka handiena psikologikoa da. Hiru aldiz egin dut bidea Saint-Pierretik Santiagora, eta badaude egunak zeintzuetan makila bota eta etxera joateko gogoak sartu zaizkidan. Neke psikologikoak fisikoak baino pisu handiagoa du.

Denetarik topatuko dugu bidean. Hilabete ugari izango dira eta bakarrik egongo gara ibiltzen. Neguaren zatirik okerrena egokituko zaigu seguru asko, oraindik igaro ez delako.

Ez duzue erromes gehiagorekin topatzea aurreikusita?

Ez. Italian baliteke erromesen batekin topatzea, baina kontrako bidea egiten egongo dira, Erromarantz, gu hortik ateratzen garen bitartean. Frantzian litekeena da data hauetan inorekin ez topatzea. Laguntza eskatu beharko dugu aterpeetan lo egiteko... hori da bilatzen ari garen abentura.


“Noizbait esan dut honakoa ondo ateratzen bada, agian datorren urtean Jerusalemetik abiatuko naizela”

Behin erronka hau buruan, baduzu besterik buruan?

Batzuetan txantxetan galdetzen didate hori etxean, eta noizbait esan dut honakoa ondo ateratzen bada, agian datorren urtean Jerusalemetik abiatuko naizela.

Badakit badagoela ibilbide hori egin duen jendea, baina ez dakit nolakoa den. Hala ere, baliteke oraingoa ondo ateratzen bada datorren urtean beste erronka bati heltzea, ildo beretik jarraitzeko, burmuineko gaitzarekiko kontzientzia sortzeari begira.

2.716 kilometro egingo ditugu guztira Erromatik Santiagora. 107 etapa izango dira, 107 egunetan. Hala ere, egun gehiago iraungo du bidaiak. Etapa batzuk bitan zatituko ditugu, oso gogorrak direlako.

Egun batzuk atsedena hartzeko baliatuko ditugu baita ere. Gauzak hala, helmugara ekainaren amaieran iristea aurreikusi dugu.  

Eskerrak eman nahiko nioke proiektuarekiko interesa erakutsi duen jende orori. Badakit nire herriko lagun eta senideek bidaia gertutik jarraituko dutela eta euren babesa sentituko dudala. Era berean, nahi duen orori luzatu nahiko nioke bidaiaren zati bat gurekin egiteko gonbita. Bide hau elkarbanatzeko baita, bide guztiak bezala.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide