aiaraldea.eus

“Zer naizen, emakumea edo gizona, askotan, ez dakit oso ondo”

Erabiltzailearen aurpegia Sara Gandara (Ttap aldizkaria)   Kultura  Laudio

Ttap aldizkari digitalak YOGURINHA BOROVA  elkarrizketatu du. Bihar emanaldia eskainiko du artista laudioarrak bere herrian, 22:30ean.

“Zer naizen, emakumea edo gizona, askotan, ez dakit oso ondo”
Laudion egongo da bihar Yogurinha Borova. / Ttap aldizkaria | Ikusi handiago | Argazki originala

Eduardo Gaviña oso puntual iritsi da gure hitzordura. Hori bai, hiru ordu laurden behar izan ditu, gero, Yogurinha Borova bilakatzeko. Itxaronaldiak merezi izan du, bere ibilbidea eta bizitza oso interesgarriak direlako.

Kaixo, Yogurinha Borova...

Kaixo, Sara, zer moduz?

Oso ondo, eta zu?

Oso eroso; kar, kar, kar...

Bai? Soinekoa erosoa da?

Oso erosoa ez da... Orain dela 10 minutu egin dut, zuk lagunduta... Nik uste dut jolastu egin behar dela.

Konta egiguzu zelan sortu zen Yogurinha Borova.

Yogurinha Borova sortu zen Las Fellini taldean, orain dela 20 urte baino gehiago, Bilbon. Ni Laudiokoa naiz, baina 21 urterekin Bilbora joan nintzen, eta haiekin hasi nintzen. Transtornistak ginen. Ibiltzen ginen kabaretetan, tabernetan, leku askotan lan egiten... Eurekin 20 urte eman ditut lanean, baina, gero, nire bidea hartu nuen, eta gaur arte. Orain, euskarazko abestiak eta beste gauza asko egiten ari naiz, eta nahiko ondo.

Nonbaiten irakurri dut Errusiatik zatozela; Vladivostok-etik, ezta?

Badakizu zer pasatzen den? Normalean, beti hartzen ditugula Ameriketatik datozen gauzak, eta trabestien munduan ere, orain, telebista saio bat dago, RuPaul’s Drag Race izenekoa, eta han ere trabestiak oso famatuak dira. Jende askok, beraz, Ameriketako kulturatik hartzen ditu izenak. Nik neure buruari esan nion nik ez nuela horrelakoa izan nahi eta Errusiatik etorritako kultura nahi nuela. Oraintxe bertan Errusia ez dago oso momentu onean LGTBI mugimenduarekin, baina gauza batzuk literatura aldetik, irudi aldetik... Niretzat, nahiko erakargarria da eta horregatik erabaki nuen Errusiako izen bat hartzea.

Nortasuna aipatu duzu... Noiz hasi zinen zeure buruarekin borroka horretan? Zein da zure nortasuna eta ze paper jokatzen du zure familiak?

Duela hiru urte hasi ginen egiten Izaskun Arandia eta biok genero aniztasunari buruzko dokumental bat. Berak ni dokumentalaren protagonista izatea nahi zuen. Ezetz esan nion; izan ere, oraintxe bertan bilaketa lanean nago. Mutila naiz, baina emakumez janzten naiz batzuetan, eta, askotan, zer naizen ez dakit oso ondo. Zer naiz, gehiago mutila emakumea baino? Ez nago galduta, baina bai nire bidea bilatzen. Eta familiarekin oso ondo. Bai hasi nintzela ezkutuan, telebistan ateratzen ginenean makillaje pilo bat erabiltzen genuen ezkutatzeko, baina, azken urte hauetan, nahiko polita izan da eta eurek nik hau egitea nahi dute, kontent daude eta superfanak dira.

Genero aniztasunaren inguruan zenbat dakigula uste duzu?

Begira, pilo bat ikasten ari naiz. Gizarteak ez dakiela ia-ia ezer uste dut. Izan ere, adar asko daude gaur egun: no genero, genero binario, genero fluido, transexualitatea... Gauza asko. Gaur egun, nire ustez, jendea gauzak esateko libreagoa da, eta hor dabil. Ni ere banabil ez dakidala zer naizen: mutila, neska, pokemon bat... Eta, gainera, horrela jantzita, askoz gutxiago...

Oso guapa zaude!

Super guapa! Ni nire nortasuna bilatzen ari naiz une honetan, nire generoa, eta uste dut bilaketa hori polita dela.

Urte hauetan transexual asko ezagutu dituzu. Nola kudeatzen da hori?

Arazo asko daude eta jendeak bere buruaz beste ere egiten du. Gogorra da, gizartea ez dagoelako ohituta. Eta orain, Vox alderdi politikoarekin eta gauza horiekin guztiekin harrituta eta beldurtuta gelditzen zara. Gizartea une honetan ez dago prest gauza horiek aurrera ateratzeko. Esaterako, transexualak diren lagunak beti daude borrokan, beti dago zerbait egiteko, nortasun agiria, familia, eskola, lana... Ez da batere erraza, baina hor daude borrokatzen. Eta jende asko dago hor, laguntzeko prest.

Abeslaria ere bazara... Zure erritmoa asko gustatzen zait; zein da zure iturria?

Azken bolada honetan, gero eta gehiago egiten dut euskaraz. Lehen, beti gazteleraz ibiltzen nintzen, baina diskoetxeak euskarazko abestiak egiten saiatzeko esan zidan, eta primeran! Orain, euskarazko gero eta bolo eta ikuskizun gehiago egiten ditut... Nik esaten dut ez naizela abeslaria, baina abestiak abesten ditudala. Ez naiz argazkilaria baina argazkiak ateratzen ditut. Nire bizitza oraintxe bertan, ba, hori... Ez naiz mutila, ez naiz neska, ez naiz abeslaria, baina hor nabil. Erritmoak nik aukeratzen ditut, eta baita produktore musikalak ere. Reggaetona ondo egiten duen bat gustuko badut, matxista izango ez den reggaetona egiteko eskatzen diot. Eraso sexistarik ez, esaterako, horrela jaio zen. Reggaeton abesti bat da, baina mezua guztiz kontrakoa da. Gero, beste abesti bat egin nuen Arabiako erritmoarekin eta mezua ere guztiz kontrakoa zen, askatasunari buruz.

Borroka feministan sutsu ikusi zaitugu. Zein da emakumeon egoera? Borrokatu egin behar dugu eta sinesgaitza dirudi gauden mendean gaudela.

Badago argazkilari bat, Wolfgang Tillmans, eta bere argazki batean ikus daiteke mutil bat pankarta batekin, eta irakur daiteke: Real men are feminists; alegia, egiazko gizonak feministak gara. Argi dago emakumea beste egoera batean dagoela, baina betidanik, ez bakarrik orain, beti egon da mendean. Azken boladan, zorionez, jendeak borrokaren bide hori hartu du. Nire ustez, mutila zein neska izan, bide hori hartzea da normalena.

Hedabideei esker, matxismoarekin loturiko kasu gehiago ezagutzen ditugu, kasu beldurgarriak. Esaterako, urtea hasi berri eta zazpi emakume hil dituzte.

Nik ez dut ulertzen. Atzo egon nintzen amarekin hitz egiten eta bera ere kezkatuta dago eta esaten nion hilketak beti egon izan direla, baina lehen dena zen ETA, eta hori zen kezka handiena, besterik ez zegoen. Orain, zorionez, gai hori baztertu egin da, baina betidanik egon da egoera hori. Orain, zenbatzen ditugu eta, hori, zenbatzen egotea txarra da. Borrokatzen jarraitu behar dugu pilo bat hori konpontzeko.

Bueltatuz zuk egiten dituzun hainbat gauzatara, antzezlanak ere hor dituzu...

Ondarroan gauza oso polit bat egiten nabil, Beikozini Kabareta. Bi aktore; gero, pole dance dantzari bat, streaper bat, musikari bat... Kabaret polit bat egiten gabiltza. Gainera, nire diskoak, nire bideoak... argazkigintza munduan ere sartuta nago... Hor nabil.

Zuk badaukazu Youtubeko kanala.

Material gehiago sartzen saiatzen ari naiz gaur egun. Niri beti esaten didate: "Agertokian egotearena izugarri gustatuko zaizu". Ba, ez hainbeste. Ni argazkigintzan hasi nintzen, diseinuaren munduan eta horrelako kontuetan. Horrelako gauzak izugarri gustatzen zaizkit [soinekoa ukitu du]. Bueno, norbaitek horrela ikusten banau esango du: “Baina hau zertaz doa?". Baina bueno, niri, sormenaren inguruan dauden gauza guztiekin jolastea izugarri gustatzen zait, eta orduan, horretan sartuta ibiliko naiz beti, bideoak egiten, dokumentalak, film laburrak...

Bideoak amarekin ere bai! Dolores da bere izena, ezta?

Ama zoragarria da. Loli. Berak ez du euskaraz egiten, baina zoragarria da. Bera egiazko artista da, familiako artista. Betidanik gustatu zaio izugarri abestea. Oso ondo egiten zuen, orain gutxiago, baina garai hartan ezinezkoa zen mundu honetan sartzea. Familiako lotsatiena ni naiz, benetan! Kasualitatez, Las Fellini ezagutu nituen, agertu egin ziren Spice Girls-ak, eta, orduan, Spice Gays-ak muntatu genituen. Ni txandalduna nintzen, eta hor hasi nintzen, agertoki baten gainean kobratzen, gainera. Eta hor esan nuen mundu hau polita da eta nik honetan jarraitu behar dut.

Zergatik bukatu zen Las Fellini taldearen aroa?

Euren proiektua oso ondo daukate markatuta. Oso ona da, zoragarria, baina nik beste gauza batzuk egin nahi nituen. Eta euskaraz egiten saiatu izan naiz. Umeentzako gauzak ere bai. Baina denek ez zuten nahi, eta nik, ba, hortik joan nahi nuen eta besteek beste bide batetik. Beraz, hasi nintzen gauza desberdinak egiten, ez nengoen horren eroso, eta gaur egun egiten ditudan gauza batzuk eurek egiten dituztenen kontrakoak dira. Janztearenari nik sekulako inportantzia ematen diot, nahiz eta plastikozko soineko bat eraman... Haiek ere bai! Baina beste era batera. Orduan, nahiko ezberdinak ginen, azkenean. Nik nire bidea markatu nuen eta horixe jarraitzen ari naiz.

Zein da zure publiko potentziala?

Lehen, LGTBI jendea, homosexualak, lesbianak eta horrelako publikoa. Azken bolada honetan, euskarazko abestiekin, zabaltzen ari da nire publikoa. Uda honetan, esaterako, Seguran egon naiz. Kaixo, Segurako jendea! Gipuzkoan bolo asko euskaraz egin ditut eta jende gaztea zegoen! Nabaritzen da publikoa zabaltzen ari dela. Iaz, esaterako, Igorreko eskolan egon nintzen, umeekin, eta zoragarria izan zen. Ni ez nengoen prestatuta, baina oso polita izan zen. Umeak oso zabalak dira, oso lasai zeuden. Ni, ostera, dardarka. Baina oso polita izan zen. Martxoan umeentzako abesti berri bat aterako dut, Sentipenak askatu deitzen da, eta Igorreko eskolako umeekin bideoklipa egitea gustatuko litzaidake.

Gazte edo ume direnetik oso garrantzitsua da eurek argi izatea euren bizitza eurena dela, libreak direla, ezta?

Hezkuntza oso garrantzitsua da. Errespetua, batez ere. Errespetuarekin irakasten baduzu zerbait, gero oso erraza da. Ume txikiek izugarrizko erraztasuna dute gauza berriak hartzeko arazorik gabe. Guk, helduok, beti dauzkagu arazo gehiago; arrosa, urdina, ez dakit zer... Aurreiritzi pilo bat... Baima umeak zoragarriak dira eta horrela jantzita agertzen bazara, ba, esango dute: "Ze itsusia" edo "mutila zara". Baina hamar minutu igaro ostean, eurentzat normal bilakatzen da eta harrituta gelditzen zara. Azkenean, bakoitzak errespetatu behar du bere alboan dagoen pertsona eta besteak zu arazorik gabe.

Nondik ateratzen dituzu soineko eder horiek? Nola sortzen duzu zure irudia?

Honekin zuk lagundu didazu, gainera! Beti daude erreferente asko. Historian zehar, drag-en munduan eta trabestien munduan, erreferente pilo bat egon dira. Badago Divine, Lwight Bowery, Grayson Perry... Nik egia da ez daukadala problemarik hau eramateko –plastikozko soinekoa–, txinatarren dendan erositako txandal bat edo edozer gauza janzteko. Markak erabiltzeko ere ez. Adibidez, Chaumen erabiltzen dut batzuetan eta mutil honek egiten ditu gauzak Monica Naranjorentzat, La Prohibidarentzat, Marta Sanchezentzat, horrelako jendearentzat, eta niri ere arropa egin dit. Garrantzitsuena, gehienetan, ez da dirua. Jolastea da gakoa. Hau, esaterako, hor ikusi dut eta berehala ikusi dut gaurko soineko ideala izan zitekeela. Izerditan nago, baina tira; kar, kar, kar.

Zure lanbide honetaz bizi izatea lor daiteke?

Autonomoa naiz, orain gutxi hasi arren. Ez daukat batere arazorik honen inguruan hitz egiteko. Diru beltza ere bai egon da, tabernetan lan egiten... Krisialdia etorri zenean, ezinezkoa zen horrelako bizitza eramatea... Baina, azkenaldian, lan egiten ari naiz, udan egon naiz dezente lan egiten, eta azken boladan bai, ari naiz honetaz bizi izaten, nahiz eta batzuetan ez den batere erraza. Ni egon naiz RGIa kobratzen, azken urteetan oso gutxi, baina, bestela, ezinezkoa zen. Lor daiteke, baina ez da erraza.

Gauza asko egin dituzu. Egitekoen artean zer duzu?

Bidaiatzea. Argazki makina hartu eta Japoniara joan nahi dut. Afrikan egon nintzen ETBko saio batean, Safari Wazungu-n. Ez zuen arrakasta askorik izan, baina, niretzat, izugarrizko esperientzia izan zen. Musikari dagokionez, publikoa eta esparrua zabaltzea gustatuko litzaidake. Jende askorengana iristea, nire mezuak zabaltzeko. Oraindik nire bidea bilatzen ari naiz. 50 urte egingo ditut aurten, baina, lasai... Politena bidaiatzea da. Itakara iristeko bidaia egin behar duzu eta hori da garrantzitsuena.

Eta kolaborazioei dagokienez, ba al duzu pertsona kutunen bat lan egiteko?

Björk. Kalean bi aldiz ikusi izan dut. New Yorken baten, Bush-en aurkako kanpaina baten Down Town-en egin zen kontzentrazio batean. Ni argazkiak ateratzen ari nintzen eta bera nire ondoan zegoen.

Ez zenion ezer esan?

Jendeak kamera batekin ikusten bazaitu, ez ateratzeko esango dizu, ez zaiolako gustatzen. Gertu-gertu egon naiz fisikoki. Bere proposamena asko gustatzen zait, Lady Gaga-rena ere bai, momentu batzuetan Madonna... Espainia mailan badaude erreferente asko ere, baina, gero, zuk zure bidea hartu behar duzu eta aurrera egin.

Ikus-entzunezko proiektuak ere egin dituzu, crowdfunding bidez. Horretarako ere denbora behar da...

Proiektuak egin daitezke, baina ez asko. Nire ustez, jada gailurrera iritsi naiz, hiru egin ditut eta. Lehendabizikoa oso ondo joan zen, bigarrenean familia eta lagunak "ai ama, ai ama!" esaten hasi ziren, eta hirugarrenerako jada ez duzu ia dirurik ateratzen. Polita da laguntza momentu batean edo bitan izatea, baina proiektuak aukeratu egin behar dituzu. Izan ere, komunitate bat sortzen duzu horren inguruan. Azken bolada honetan erabaki dut gehiagorik ez egitea; bestela, jendeak esango du, “ari da hau berriz ere dirua eskatzen”. Eta hori ez da ona.

Zer egiten ikusiko zaitugu aurrerantzean?

Singlea ateratzen, eta gero, azaroan, diskoa aterako dut, Durangoko Azoka aurretik. Oso proiektu polita izango da. Gauza guztiak prestatzen ari naiz, eta abestia oso polita da. Martxoan edo apirilean aterako dugu eta uda osoan zabaltzen ibiliko naiz. EA zer deritzozuen!

Zure alter ego-aren inguruan galdetu nahiko nizuke. Nor zara Yogurinha ez zarenean?

Eduardo. Niri, izugarri gustatzen zait Eduardo izatea. Gaur egun, Eduardo gehiago naiz Yogurinha baino. Aurreko astean lagun bati esan nion umorearen funtzionarioa bezalakoa naizela, ordutegi bat dudala alaia ez izateko, pertsonaiak gauza asko eskatzen dizkizulako ordu horietan, eta ezin zarelako hor goian egon momentu guztietan; ezinezkoa da. Guztiz kontrakoak dira. Eduardo oso lasaia eta motela da, eta argia behar du argazkiak ateratzeko. Yogurinha gaua da, oso irekia, pixka bat eroa...

Eta nola lortzen da oreka hori?

"Como una puta regadera"; kar, kar, kar. Beti egon behar duzu hor borrokan. Hala ere, nik neure burua edozein lekutan ipintzeko aukera dut momentu bakoitzean, eta hori oso polita da. Beste une batzuk ere behar izaten ditut lasaitzeko, nire munduaren barnean.

Zein mezu zabaldu nahiko zenuke?

Jendearen eskubideak moztu nahi dituen jendea badago. Utzi jendeari nahi duen bezala izaten. Errespetua da garrantzitsua. Izan libre eta utzi jendeari libre izaten. Gauza asko daude egin daitezkeenak, eta polita da bat-batean zu pozik sentitzea eta zure ondoan dagoena ere oso pozik dagoela ikustea.

Denbora agortu zaigu, baina ez dakit zerbait gehiago esateko gogoarekin gelditu zaren...
Ez; gero dutxa bat beharko dudala, baina bueno; kar, kar, kar.

Beroa ematen al du soineko horrek?

Bai. Ba, hori, jolastu egin behar dela bizitzan, eta nik badaukat horretarako lan polita, jolasteko eta gauza berriak egiteko. Lanak eskatzen dizu moldeetatik ateratzea, eta hori oso garrantzitsua da. Jendeari, nahi duena egiteko esaten diot, baina beti errespetuarekin.

Mezu ederra elkarrizketa bukatzeko. Eskerrik asko gure deiari erantzuteagatik eta horrelakoa izateagatik.

Eskerrik asko zuei!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa