XV. elikagai bilketa abiatu zen atzo Laudiotik Saharara, 9 kamioietan. 10:00etan atera ziren Laudiotik, saharar eta euskal herritarren txalo artean. Ainhize Hernandez RASDeko kidearen hitzetan, Euskal Herrian 250 tona janari bildu dituzte aurten, eta aiaraldean 3.750 kilo.
Ekitaldian Saharan bizi duten egoera larria azpimarratu zuten, eta Espainiar estatuari erantzukizunez jokatzeko eskatu zioten. Euskadiko Frente Polisarioko ordezkariek, elikagai bilketaren arduradunak, Aiaraldeko RASDeko kideek eta Laudioko alkateak hartu zuten parte. Euskal Herriak eta Saharak duten "askatasun egarria" elkartasunak lotzen dituela nabarmendu zuten.
Kamioi karabana 10:30ak aldera atera zen Zumalakarregi etorbidetik. Azaldu zutenez, Alicante izan zuten lehenbiziko helmuga, han itsasontzia hartu eta Algerian lurreratzeko. Elikagaiak ekaina eta uztaila bitartean banatuko dituzte.