Aurten hasiko dira Ertzain-etxeko eta Suhiltzaile Parkeko obrak

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mar. 4a, 14:31

Ordezkari politiko ugari egon dira gaur eginiko prentsaurrekoan. / Aiaraldea.eus

Hitzarmena egin dute Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, obrak egin ahal izateko. 3,4 milioi euroko aurrekontua baliatuko dute lanetan.

Prentsaurrekoa eskaini dute gaur eguerdian Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak eta Estefana Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaburuak Laudioko Suhiltzaileen parkean. Bertan eta alboan dagoen Ertzain etxean egingo diren obren berri eman dute bi ordezkari politikoek. Hitzarmena egin dute Arabako Foru Aldundiak eta Segurtasun Sailak lanak bideratu ahal izateko. Oinarrizko proiektua erredaktatu dute jada. Behin betiko proiektuaren egikaritzea esleitu behar dute orain, eta beste hainbat tramite ere burutu behar dituzte obrei ekin baino lehen. Izan ere,  Hiri Ordenamendurako Plan Orokorra moldatu behar izan dute lanak garatu ahal izateko. Aurreikusi dutenez, 3,4 milioi euro baliatuko dituzte obra egiteko.

2021. urterako amaituta
Gauzak hala, lanak urte amaieran hastea aurreikusi dute bi erakundeek. “15 hilabeteren buruan egongo lirateke eginak”, jakinarazi du Ramiro Gonzalezek. Modu horretan, berrikuntza  guztiak 2021. urterako bukatuko lirateke, dena ondo bidean.

Suhiltzaileen parkea izango da aldaketa handiena izango duen azpiegitura. Handitu egingo dute eraikina, alboan dagoen parkea txikituz. Kamioi eta ibilgailuentzako gunea berriztu nahi dute horrela. Sarbide berriak jarriko dituzte, eta helikopteroentzako gunea atonduko dute. Eraikin-bloke osoaren fatxada ere aldatuko dute. “Bi Enplegu Eskaintza Publiko aterako ditugu laster, barne-promoziokoa bata eta librea bestea”, gaineratu du Ahaldun Nagusiak.

Ertzain-etxean, aldiz, eraikinaren irisgarritasuna eta erosotasuna handitzera egongo dira bideratuta atonketak,  Beltran de Herediak argitu duenez. “Sarbidea berrituko dugu eta jasogailu bat jarriko dugu, irisgarritasuna bermatzeko”. Horrez gain, itxarongela moldatuko dute, “toki eroso eta hurbilagoa izan dadin”. Indarkeria matxistarekin erlazionatutako salaketak egiteko tokia ere berrituko dute. “Jasangarritasun energetikoa bermatzeko moldaketak ere egingo ditugu”. Funtsean, eskualdeko bizilagunei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzea izango da lanen xedea, Segurtasun Sailburuaren hitzetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide