“Motibazioa izan da Euskadiko Txapelketa irabazteko faktore nagusia”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mar. 5a, 07:00
Espainiako Txapelketatik itzuli berri da Naiane Bravo Llamosas. / Aiaraldea.eus

NAIANE BRAVO LLAMOSASek (Laudio, 2001) oso denbora gutxi darama atletismoa praktikatzen, baina emaitza esanguratsuak lortu ditu dagoeneko: Euskadiko Txapelketan 60 metroko lasterketa irabazi zuen 20 urtetik beherakoen kategorian eta Espainiako Txapelketan aritu zen iragan asteburuan.

Espainiako Txapelketan aritu zara asteburuan. Zer moduz?

Oso pozik nago emaitzarekin. Azkenean ezin izan nintzen finalerdietara pasa, pertsona bategatik. Baina esperientzia oso ona izan zen. Txapelketa horretan aritzen naizen lehen aldia da.
Honakoa nire bigarren urtea da atletismoan. Iaz hasi nintzen krosa egiten, baina pista itxian hiru hilabete baino ez daramatzat entrenatzen, abendutik hona.

Oso denbora gutxi daramazu atletismoan, beraz. Nola iritsi zara Euskadiko Txapelketa irabaztera?

Nik uste dut oso motibatua nengoela. Lehenengo txapelketa egin nuenean oso ondo ikusi nuen nire burua eta izugarri motibatu nintzen. Gutxiengo marka lortzea nuen helburu, Espainiako Txapelketara joateko. Lagunak ere izan nituen animatzen. Motibazioa izan zen faktore nagusia.

Hiru hilabete baino ez daramatzazu pista estalian. Zer ibilbide egin duzu orain arte?

Krosa praktikatzen aritu naiz abendura arte. Nik banekien hobekien egiten nuena abiadura hartzea zela. Baina talde osoa aritzen da krosean, eta horregatik parte hartu nuen modalitate horretan, eurekin egoteko, ez entrenatzeko bakarrik. Edonola ere, abiadura modalitatera pasatzea nuen helburu, bertan hobeto moldatuko nintzela nekielako. Gauzak hala, lasterketa batzuk egin eta aldatzea erabaki nuen. Orain pista estalian aritzen naiz soilik.

Dena dela, orain amaitu egin da pista estaliko denboraldia, eta kanpoan korrika egiten hasiko gara. 100 eta 200 metroko lasterketak egingo ditut. Taldea eta entrenatzailea berak dira, baina  krosa egiten dutenek 1.500 metroko probak egingo dituzte orain. Erresistentzia lantzen dute abiadura baino gehiago. Badaude beste neska batzuk nire modalitatean lehiatzen direnak, baina ez dugu ordu berdinetan entrenatzen. Gauzak hala, gehienetan bakarrik entrenatzen dut.

Entrenamendua ere ezberdina izango da, ez?
Bai. Krosa praktikatzen nuenean kilometro asko egiten nituen, erresistentzia garatzeko. Orain, aldiz, teknika hobetzea da nire helburua, ahalik eta azkarren korrika egin ahal izateko.
Egun batzuetan Ellakurin entrenatzen dugu. Beste batzuetan, aldiz, kaletik korrika ibiltzen gara, Gardeatik Aretara, hainbat kilometro egiteko.

 

"Nik uste dut pertsonek egiten dutela kirol hau berezi"



Hasieratik nabaritzen zenuen abiaduran trebeagoa zinela?
Eskolan egiten genituen probetan ikusten nuen ondo moldatzen nintzela. Hala ere, erresistentzia landuta helburu batzuk ere lortu nituen. Hala ere, abiadura dut gogokoen.

Pista estaliko denboraldia amaituta, zein da zure hurrengo erronka?
Espainiako Txapelketara joateko gutxiengo marka lortzea izango da nire helburua, berriz ere. Hala ere, ez dakit ziur norgehiagoka horretara joan ahalko naizen, udan eta opor garaian izango delako.

Atletismoan denbora luzez jarraitzeko asmoa duzu, beraz?
Bai, oso gustura nago kirol hau praktikatzen.

Nolatan erabaki zenuen atletismoa egitea?
Ez nuen kirolik egiten, eta lagun batek eta biok zer edo zer egitea pentsatu genuen. Bagenuen lagun komun bat atletismoa egiten zuena. Berarekin hitz egin genuen eta uda amaitu bezain laster batu ginen taldera.

Zer du atletismoak beste kirolek ez dutena?
Nik uste dut pertsonek egiten dutela kirol hau berezi. Bakarrik egon arren, nabaritzen da taldearen presentzia. Oso harreman ona dugu kideon artean. Zure markak gainditzeko grina ere hor dago.

Asko tematzen zara gutxiengo marka lortzeko ahaleginean?
Bai, baina batzuetan nahiago dut horri ez erreparatzea eta gozatzera mugatzea. Obsesio bat izan daiteke bestela.

Zer nolako kirolariak zaudete Laudio Atletismo Klubean?
Denetarik dago. Gehienak ume txikiak direla  esango nuke. Hala ere, gure taldean 20 inguru gara. Jende gehiago egongo balitz, hobeto egongo litzateke, baina asko gara. Laudio herri txikia da, eta tamaina horretako herri batentzako ez gara pertsona gutxi.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide