Gedar langile kazetan jakitera eman dutenez, Laudion elkartuko dira Araba eta Bizkaiko hainbat gazte apirilean. Gazte Koordinadora Sozialistak antolatu du ekimena, eta asteburu osoko egitaraua prestatu dute:
Gogotsu gatoz gure lehendabiziko ekimena aurkeztera. Hona hemen, ildo politiko sozialistaren plazaratzea, eta ildo honen eramaile den borroka komunitatea elikatzea helburu duen jardunaldia: Araba eta Bizkaiko Gazte Topaketa Sozialistak. Apirilaren 5etik 7ra Laudion pic.twitter.com/sAJpiGv5hH
— Gazte Koordinadora Sozialista (@Gazte_KS) 14 de marzo de 2019
Ekimenak trebakuntza, hausnarketa politikoa eta aisialdia uztartuko ditu. Topaketak antolatzearen zergati eta helburuak Gedar langile kazetaren webgunean azaldu dituzte. "Gizarteak sortzen duen despolitizazioaren aurrean guri bizitza politikoa sustatzea dagokigulako antolatu ditugu topaketa hauek", adierazi dute.
Lehen ekimen publikoa
Gazte Koordinadora Sozialistak egingo duen lehen ekimen publikoa izango da Laudiokoa. Jakinarazi dutenez, bazkariak, afariak eta lo egiteko tokia eskainiko dituzte topaketetan. 15 euroko bono-laguntzak jarriko dituzte salgai horretarako. Datozen egunetan zehaztuko dituzte salmenta puntuak.
Otsailean aurkeztu zen Gazte Koordinadora Sozialista Gasteizko Auzolana pilotalekuan, "Gazte problematikaren auziari klase perspektibatik erantzuteko".