35 urte beteta, hiru proiektu berrirekin dator Kirikiño

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mar. 17a, 08:27

Urtean zehar ekintza ugari antolatu ditu aisialdi taldeak. / Aiaraldea.eus

Hiru proiektu berrirekin abiatu du udaberria aisialdi taldeak: baratza, ikuskizunak eta bazkidetza kanpaina.

1984. urtean sortu zen aisialdi taldea Laudion eta hori ospatzeko elikadura eta ikuskizunetan oinarrituko du proiektua datozen hilabeteetan, Aiaraldea hedabideari azaldu diotenez: "Elikadura, jaten duguna garelako aukeratu dugu. Eta, ikuskizuna, ikusten duguna garelako".

"Ekoiztu, kuzinatu eta jan"
Boluntarioki kudeatzen dute elkartea Kirikiñokoek, baita ekintza andana ere. Gainera, oraintsu, 168 metro koadroko espazioa eskuratu dute: "taldearen baratza eraikitze lanean gabiltza astero hamaika boluntario".

Laudioko Ugarte auzoan egokitu dute eremua, eta eskualdeko haur eta gazteekin bertara irteerak egitea dute xede, "astean behin edo birritan". Ekoizteaz gain, kuzinatu ere egingo dute: "Ortutik pasa ostean sukaldatzea dagokigu, eta horretarako hilero antolatuko ditugu sukaldea hizpide izango duten jardunaldiak".

Hala, umeek hainbat errezeta prestatuko dituzte, ondoren jateko. "Goizetik bazkalostera arte luzatuko dira sukaldaritza tailerrak", erantsi du Ander Fernandez Moltaban kideak.

"Ikusten duguna garelako"
Ikuskizunena izango da bigarren ildoa. Hiru alor bereizi dituzte eskaintzaren barruan: paradisu zinema, antzerkigintza eta irratigintza. "Paradisu zinema, hilabeteroko maiztasunarekin, igandeetan gauzatuko da. Ildo honen zati hau Laudioko kultura etxeko areto batean egingo da. Parte-hartzaileek proiekzioa bukatutakoan, postontzi baten bitartez, hurrengo filma zein izango den aukeratzeko aukera izango dute", aurreratu dute.

Itzal antzerkigintza, ipuin kontaketak eta bestelako ikuskizunak uztartuko dituzte antzerkigintzaren adarrean. Bestalde, Uhinak irratiarekin elkarlanean "umorea eta musika" nahastuko dituen irratsaioa ekoitziko dute.

Kirikiñoko bazkideek ekintzetan deskontuak izango dituzte, eta izena emateko lehentasuna. "Horrez gain, urtero opari bat jasoko dute, eta bazkideei bideratutako ekintza bereziak eta zozketak ere egingo ditugu".

Bazkide egiteko izenemateakirikino@gmail.com helbide elektronikora bidali behar da mezua, edota Laudioko Kultura Etxean galdetu. Urteko kuota 10 eurokoa izango da. Zalantza edo argipenak jasotzeko ondorengo telefonoa jarri dute eskura: 688 726 665.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide