Laudioko Udalak adierazi du Zubiko Etxearen alboan dagoen metalezko zubia behin betiko eraisteko kontratuaren esleipena egin duela. Hasierako aurrekontua 105.345 eurokoa bazen ere, 77.000 euroren truke egingo ditu lanak enpresa irabazleak.
Hurrengo 15 egunetan prozedura legala jarraiki, zenbait dokumentazio onartu beharko du udalak, eta apirilean kenduko dute zubia, ADIF enpresarekin koordinatuta eta gauez. Horretarako bi aste izango dituzte.
Jon Ander Altube alkateordeak adierazi du obrak gauzatu baino lehen jakinaraziko dietela auzokideei zer eragozpen mota sortuko dituzten lanek. Besteak beste, errepidea moztu beharko dute.
Zubiaren eraikuntzak hautsak harrotu zituen 90eko hamarkadan, eta dagoeneko funtsezko irizpideak ez ditu betetzen; irisgarritasuna, adibidez. Horrez gain, duela 4 urte tren geltokiaren alboan dagoen tunela zabaldu zuten eta ia inork ez du erabiltzen egun metalezko azpiegitura.