Josu Martinez zinemagileak egindako Jainkoak ez dit barkatzen filma proiektatuko dute gaur 17:30ean eta asteazkenean 18:30ean Laudion, Lanbide Heziketako Ikastetxeko aretoan, hain zuzen. Bigarren emanaldian zuzendariak berak parte hartuko du.
60 minutuko dokumentalak Lezo Urreztieta kontrabandistaren bizitza kontatzen du. Legez kanpoko mugalaria faxismoaren kontrako borrokan sartu zen buru-belarri 1936ko estatu kolpearen ostean eta hainbat abentura bizi izan zituen, guda bukatu zenean erresistenteak muga gurutzatzen lagundu baitzituen.
Pelikula Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten 2018an eta kritika oso onak jaso ditu. Martin Ugaldek egindako elkarrizketen bitartez osatu du filma Josu Martinez zinemagileak. Hau ez da, inondik inora, bilbotarrak sortu duen lehen biografia. Izan ere, aurretik Itsasoaren alaba ekoiztu du, besteak beste.