Laudioko Udalak dagokion batzordean landuko du Datuen Babeserako Euskal Agentziak bidalitako oharra. Alderdi guztiei adieraziko die udal gobernu taldeak gertatutakoa, baita zer aldaketa eman beharko diren horrelakorik ez errepikatzeko.
Izan ere, hedabideek zabaldu dute 2018ko martxoan Amurrioko Epaitegiak zenbait informazio eskatu ziela udaleko zerbitzu sozialei, dibortzio baten testuinguruan. Arduradunek balorazio psikosoziala bidali zuten, galdetutakoa erantzun gabe. Ondorioz, Datuen Babeserako Euskal Agentziak gogoratu dio udalari horrelako prozeduretan beharrezkoa den informazioa besterik ez dela zabaldu behar.
Gauzak hala, ostiralean Jon Ander Altube alkateordeak azaldu zuen konfiantza osoa dutela erakundeko teknikariengan, baina aldaketak egingo dituztela agentziaren eskaera betetzeko.