Nola neurtzen da eskualde bateko pobrezia maila? Hainbat adierazle daude, pobrezia egoeran dauden biztanleen ehunekoa da horietako bat. Aiarako Kuadrillako udalerrietako biztanleen %9,8a dago mantentze-pobrezia egoeran. “Epe laburrean oinarrizko beharrak (batik bat elikadura, etxebizitza, arropa eta oinetakoekin zerikusia dutenak) asetzeko gastuei aurre egiteko behar adinako baliabide ekonomikorik ez izateari dagokio indize hori”, EUSTATen arabera. 2016. urtekoak dira Euskal Estatistika Erakundeak jasotako azken datuak eta, beraz, horiek dira erreportaje honetan plazaratuko ditugunak.
Pobrezia adierazleak
Datu horien arabera, EAEn mantentze-pobrezia altuena duen zonaldea da gurea. Gasteiz da bigarrena, %9,7arekin. Beste pobrezia adierazleetan (pilaketa pobrezia, pobrezia erreala eta ongizate eza) Aiaraldea ez da ehuneko handiena duen eskualdea, baina EAEko batez bestekotik gora dago uneoro.
Eskualdeko herri gehienetan dago errenta maila EAEko bataz bestekoaren azpitik
“Pobrezia maila altuak izatea atzetik datorren zerbait da, ezin da faktore koiunturalengatik azaldu”. Hala dio du Unai Martin Roncero soziologo laudioarrak. EHUko irakaslea da, eta berarengana jo dugu erreportaje honetako zenbakien atzean dagoen errealitatea azaleratzeko. Bere ustez, birmoldaketa industrialak eragin handia izan zuen eskualdean, industriarekiko menpekotasun handia zegoelako. “Egia da gaur egungo krisian eskualdeko industria-enplegua beste toki batzuetakoa baino hobeto mantendu dela, baina Aiaraldean langabezia eta pobrezia maila historikoak daude, eta azken urteetan ez da horiei aurre egitea lortu”.
Errenta maila
Errenta maila da zonalde baten egoera zein den jakiteko beste adierazle esanguratsua. Ezberdintasun ugari sumatu daitezke eskualdeko udalerrien artean. Arakaldo da errenta maila altuena duen herria: 23.201 euro urteko batez beste pertsona bakoitzeko. Baxuena, aldiz, Okondok du, 17.374 euroko batez bestekoarekin.
Martinen arabera, “nabarmenak” dira Aiaraldeko udalerrien arteko ezberdintasunak, “baina zuhurtzia handiarekin interpretatu behar dira”. Adinaren faktorea oso garrantzitsua dela azpimarratu du soziologoak, “harreman estua dagoelako adinaren eta errentaren artean, pertsona gazteenak eta nagusienak direlako errenta baxuenak dituztenak. Adibidez, biztanleria zaharkitua duten udalerriek edo biztanle gazteak erakartzea lortu dutenek baliteke errenta baxuagoa izatea. Kontrara, biztanleria heldua nagusi den udalerrietan errenta altuagoa izan daiteke”.
Hala ere, eskualdeko datuak esanguratsuak direlakoan dago Martin, herri gehienetan errenta-maila EAEko batez bestekoaren (20.443 euro) azpitik dagoelako. Arrankudiaga, Aiara eta Arakaldo dira batez besteko hori gainditzen duten bakarrak, eta biztanle gutxi dituzten herriak dira gainera.
EHUko irakaslearen aburuz, Urduña, Okondo eta Laudioko kasuak dira deigarrienak: “udalerri horietan EAEko batez bestekoa baino %10 txikiagoa da errenta-maila”. Hala ere, datu horiek tentuz aztertu behar direla uste du soziologo laudioarrak. “Badaude historikoak izan daitezkeen ezberdintasunak. Batzuk udalerrian garatzen diren jarduerei lotuak egon daitezke, beste batzuk bertan bizi diren pertsonen ezaugarriei eta, batzuetan, baita egoitza-dinamikei ere. Badaude errenta-maila altuak dituzten pertsonak erakartzen duten udalerriak, maila altuko urbanizazioak eraikitzen dituztelako, tokiko errealitatearekin zerikusi gutxi dutenak”.
Aiaraldeko biztanleriaren ia ehuneko hamarrak du mantentze pobrezia
Generoen arteko arrakala
Datuak behatuta badago beste gauza bat berehala igartzen dena: emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasun nabarmena. Eskualdeko herri guztietan da askoz txikiagoa emakumeek batez beste jasotzen duten diru kopurua. Amurrion, adibidez, 25.217 eurokoa da gizonezkoen urteko batez besteko errenta, emakumezkoena 12.952 eurokoa (hau da, erdia baino gutxiago) den bitartean. Joera hori Aiaraldeko beste udalerrietan ere sumatu daiteke.
“Arrakala oso agerikoa da, gizonezkoen errenta pertsonala emakumeena baino %60-80 handiagoa baita”, azaldu du Martinek. Ezberdintasun hori “gizarte patriarkalak” eragiten duelakoan dago soziologo laudioarra. Bere ustez, hainbat gauza eragiten ditu gizarte eredu horrek: emakumeek soldatapeko lanean presentzia txikiagoa izatea eta egiten dituzten lanak txarrago ordainduak egotea. “Emakumeek, adibidez, presentzia txikiagoa dute industria sektorean eta handiagoa oso gaizki ordaindua dagoen zerbitzuen sektorean”.
Horrez gain, “zaintza lanak emakumeen gain geratzeak” duen garrantzia nabarmendu du Martinek. “Lanera okerrago sartzea dakar horrek, eta lanpostuan aurrera egitea zailtzen du. Seme-alabak izateak, adibidez, eragin handia du emakumeen lan-bizitzan, gizonen kasuan ez bezala. Modu horretan, amatasunak eragiten du emakumeek errenta txikiagoa izatea euren bizitza laboralean eta, era berean, jubilatzerakoan pentsio baxuagoak izatea”. Horrez gain, kontuan hartu behar da emakume askok ez dutela etxetik kanpo lan egin eta, ondorioz, oso pentsio baxuak jasotzen dituztela.
%60-80 handiagoa da gizonen errenta maila, emakumeenarekin alderatuta
Geroz eta errenta handiagoa
Udalerriak udalerri, badago toki guztietan errepikatzen den joera bat: urtez urte handitu egiten da errenta-maila. Laudioko errenta-maila, adibidez, 11.404 eurokoa zen 2001. urtean eta 18.628 eurokoa, aldiz, 2016an.
“Errenta geroz eta handiagoa izatea da normalena, diruaren balioa geroz eta txikiagoa delako”, argitu du Martinek, “errenta handituko ez balitz eroste-ahalmena txikituko litzateke. Horregatik, pertsonen errenta benetan igo den jakiteko bizitza zenbat garestitu den ere hartu beharko litzateke kontuan. Aiaraldearen kasuan, eman den igoera ez zait oso nabarmena iruditzen, krisiaren eta krisiaren osteko azken garaietan batez ere”.
Non dago dirua?
Barne Produktu Gordina (BPG) da zonalde bateko aberastasuna kalkulatzeko gehien erabiltzen den adierazleetako bat. Datu hori aztertuz gero, errenta-mailarekin kontraste nabarmena egiten duela ikus daiteke. Laudion, adibidez, 33.517 eurokoa da Barne Produktu Gordina pertsonako (2016ko datuen arabera betiere). Errenta-maila, aldiz, 18.628 eurokoa da. Aberastasunaren sorreraren eta aberastasunaren banaketaren artean sortzen den kontraesana da hori. Hau da, eskualde batean ekoizten den aberastasun guztia ez da eskualde horretako biztanleen esku geratzen. Baina horrek beste erreportaje baterako emango luke.