“Norberaren mugak gainditzeko balio du crossfitak”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mar. 20a, 13:43

Duela hiru urte hasi zen Oihana Moya Oliver crossfita praktikatzen. / Aiaraldea.eus

OIHANA MOYA OLIVERrek (Laudio, 1995) hiru urte daramatza crossfita praktikatzen. Ibilbide oparoa egin du: entrenatzaile gisa dago hainbat gimnasiotan eta emaitza esanguratsuak lortzen ari da munduko txapelketa batean.

Crossfitean aritzen zara orain, baina berez karatean hasi zenuen zure kirol ibilbidea.

Oso txikia nintzela hasi nintzen karatean. Lau urterekin apuntatu ninduten gurasoek, txikitatik izan naizelako oso aktiboa. Urduñan hasi nintzen. Gero etxez aldatu eta Amurrion jarraitu nuen kirola praktikatzen eta, azkenean, Laudion amaitu nuen. Gerriko beltza atera eta karate klaseak ematen hasi nintzen.

Gero crossfita modan jartzen hasi zen eta nire lagun batzuk kirol hori praktikatzen hasi ziren. Niri ere atentzioa deitu zidan eta astean bitan praktikatzeari ekin nion, apurka-apurka, duela hiru urte. Baina iragan irailean hasi nintzen modu serioan praktikatzen.



Badago antzekotasunik karatearen eta crossfitaren artean?

Norberak bere mugak gainditzeak sortzen duen sentsazioa da gehien erakartzen didana. Horrez gain, taldean entrenatzea asko gustatzen zait eta hori da gehien harrapatzen zaituena. Ariketa mota asko dauden crossfitean. Horrek eragiten du berehala hobetzea zerbaitetan, eta asko motibatzen zaitu.  Norbere mugak gainditzearen filosofia eguneroko bizitzan ere aplikatzen laguntzen dizu, gainera.

Karate eta crossfita kirol indibidualak direla esan daiteke, baina taldeak pisu handia du bietan, ez?
Bai. Taldean entrenatzeak elkar laguntzea dakar, elkar animatzea. Zure taldekideek nola hobetzen duten ikusten duzu. Horrek, era berean, zu ere hobetzera bultzatzen zaitu.

 

“13. postuan nago munduko txapelketa batean, 1.400 neskaren artean”



Zertan da ezberdina crossfita beste kirolekiko?

“Hamarreko kirolari bat” sortzea bilatzen du crossfitak, gaitasun fisiko guztietan trebea izatea: malgutasuna, erresistentzia, abiadura eta abar. Zenbait diziplina elkartzen ditu horretarako: halterofilia, gimnasia eta entrenamendu funtzionalak, besteak beste.

Entrenamenduak oso anitzak dira. Baliteke egun batean indarra soilik lantzea, beste batean malgutasuna, beste batean hainbat diziplina batera... entrenamendu batean jarduera bakarra landu daiteke, edo bat baino gehiago. Hori da erakargarriena: ez dugula inoiz errutina bat jarraitzen. Egunero gauza ezberdinak egiten ditugu eta, ondorioz, ez gara aspertzen.

Txapelketetan ere lehiatzen zabiltza, ez?

Bai. Nire lehenengo norgehiagoka crossfitean hasi eta lau hilabetera egin nuen. Oso gustuko izan nuen. Karatean beti lehiatu izan naiz. Apur bat lehiakorra naiz, baina modu sanoan (barreak). Orduz geroztik taldekako beste txapelketa batzuetan parte hartu dut. Une honetan Open CrossFit izeneko txapelketa batean parte hartzen ari naiz. Hainbat proba egin behar ditut astero. Nire kabuz egin behar ditut, astelehenetik ostiralera. Emaitza webgune batera igotzen dut. Munduko norgehiagoka da eta estatuka banatzen da gero. 13. postuan nago, 1.400 nesken artean.

Nahiko pozik nago, parte hartzen dudan lehen aldia delako.  Poztasun handia sortzen dit sailkapenean niretzako erreferenteak diren neska askoren ondoan egoteak. Bost astez arituko gara probak egiten. Gero emaitzen batezbestekoa egiten da eta estatuko lehenengoa CrossFit Games izeneko munduko txapelketara joango da. Momentuz ez dut horretara aspiratzen (barreak). Baina txapelketak balio dit nire burua neurtu eta estatuko sailkapenean non nagoen ikusteko.

 

“Crossfita ez da soilik sasoian dagoen jendearentzat, edonork praktikatu dezake”



Baduzu beste erronka edo txapelketarik esku artean?

Bai. Aipatutako txapelketa aste honetan amaituko da. Nik Bilbon ere entrenatzen dut, eta CrossFit Box bakoitzeko bi kirolari onenak Espainiar estatuko beste txapelketa batera doaz. Nire hurrengo erronka izango da bertara joan eta zer edo zer lortzen saiatzea.

Entrenamendu eta txapelketa guztien emaitza dira txapelketak. Nik ez du lehiaketak irabazteko entrenatzen, egunero nire marka gainditzeko baizik. Txapelketak ez ditut kanpora begirako zerbait bezala ikusten, baizik eta niri begirako zerbait bezala. Horregatik, ez da nire helburu nagusia norgehiagokak irabaztea. Baina tira, baten bat irabazten badut ere primeran, e (barreak)!

Crossfita modan jarri dela aipatu duzu. Zer nolako presentzia du kirolak eskualdean?

Bai, gero eta jende gehiagok praktikatzen du kirol hau, bi arrazoiengatik: modan jarri delako eta kirol honek berez badituelako gauza erakargarri asko (ariketa aniztasuna, norberaren mugak gainditzea, talde giroan egotea eta abar). Kanpotik ikusita badirudi astakeriak egiten ditugula, baina mundu guztiak praktikatu dezakeen kirola da hau, ariketa guztiak direlako moldagarriak. Crossfita ez da soilik sasoian dagoen jendearentzako jarduera, jende orok praktikatu dezake.

Batzuek kirolarekiko adikzioarekin lotzen du crossfita. Zer esango zenieke hori uste dutenei?
Ez dela horrela. Crossfitaren irudia hori da: pertsona oso muskulatuak, oso sasoian daudenak, oso indartsuak... baina kirol hau berez edonork egin dezake. Zure mugen arabera praktikatu dezakezu crossfita.

 

“Emakume ahularen irudiarekin guztiz apurtzen du crossfitak”



Dieta berezirik jarraitu behar da?

Egia da ondo jaten baduzu hori nabaritu egiten dela entrenatzen duzunean. Baina  ez duzu dieta zorrotz bat jarraitu behar. Ni saiatzen naiz ondo eta dagokidanean jaten, baina ez dut inolako dietarik jarraitzen.

Gainera, pertsona bakoitza mundu bat da. Niri ondo datorkidana agian zuri ez doakizu ondo. Crossfitak ahalbidetu egiten du hori: zure gorputza eta burua hobeto ezagutzea, noraino heldu zaitezkeen (eta noraino ez) jakitea...



Nola uztartzen da pertsonen profil aniztasun hori entrenamendu batean?

Estandar moduko bat dago. Entrenamendu bakoitzean ariketa kopuru zehatz bat eskatzen da. Nik indar asko ez badut eta horrek mugatzen banau ariketa horiek moldatu ditzaket: pisu gutxiago jartzen, gomekin lagunduz... ariketa guztiak dira norberaren gaitasunetara moldagarriak.

Horrez gain, aipatu nahiko nuke crossfita nahiko kirol parekidea dela. Emakume eta gizonek garrantzi bera dute kirol honetan. Sariak parekatuak dira, berdina irabazten dute. Gainera, crossfitak ahalbidetzen dit nire emakume erreferenteak emakume indartsuak, boteretsuak eta fisikoki muskulatuak izatea. Horregatik uste dut crossfitak apurtu egiten duela emakume irudi estereotipatuekin, kirol hau praktikatzen duten neskak oso indartsuak direlako fisikoki zein psikologikoki, euren bizitzaren jabe dira. Hori oso gogoko dut, emakume ahularen irudiarekin guztiz apurtzen duelako.

Nik entrenatzen dudan lekuetan emakumeak dira gehiengoa, klaseetan gutxienez. Asko gustatzen zait hori: emakumeen presentzia ez dela soilik handia profesionaletan, baita zaleen artean ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide