"Marvel Match aplikazioarekin bilatu daiteke argitaletxeko bi pertsonaia zein komikitan agertu diren elkarrekin"

Aitor Aspuru Saez 2019ko mar. 21a, 12:25

Angel Abad ingeniari informatikoa da. / Aiaraldea.eus
ANGEL ABAD (Atxeta, 1978) Debian eta Ubuntu garatzailea da eta Marvel argitaletxeko pertsonaiei buruzko informazioa bilatzeko aplikazioa sortu du: "Marvel Match". Aste honetan sareratu du eta azaldu du nola bururatu zitzaion ideia eta zer nolako harrera izan duen.

Zer da sortu duzuna?
 
Marvel argitaletxeko pertsonaien agerpen bateratuak topatzeko bilatzailea egin dut. Aplikazioa da, baina webgunean, sarean. Nire asmoa zen webgunea egitea eta gero aplikazioa sakelakorako, baina uste baino zailagoa izan da. Teoria beti da praktika baino errazagoa.
 
Nola lortu duzu Marvelek ematea baimena bere datu basea erabiltzeko?
 
Publikoa da. Pasahitza batzuk eskatu behar dira eta nola sartu ere jakin beharra duzu, edonola ere, ez da bereziki zaila. Azkar egiten da hori, baina bestelako baimenak eskatu dizkiet eta ez didate erantzun. Logoari dagokionez, adibidez, esaten badidate ezin dudala erabili, kenduko dut eta listo.

Berez, datuak eurek hornitzen dituzte, nik garatu ditut kalkuluak beste moduan batean ikusgai egoteko.
 
Nola bururatu zitzaizun horrelako ideia gauzatzea?
 
Lanean birziklatu behar nintzen eta web programazioa ikasi nahi nuen. Ikasteko modu onena da helburua izatea lan egiteko. Ideiak aztertzen, hori egitea bururatu zitzaidan.
 
Egia esanda, ni ez naiz superheroien oso zaletua, baina irakurtzen ditut noizean behin, eta horrelako tresnaren bat faltan bota dut. Jakin nahi nuen zenbait pertsonaiaren agerpen bateratuak zein zenbakitan ematen ziren eta ez zegoen bitartekorik horretarako.
 
Badaude zaleen informazio indexatuak, baina ez zegoen modurik datuak gurutzatzeko eta jakiteko, adibidez, Wolverine eta Spiderman zein komikitan agertzen diren elkarrekin.


 
Zer espero duzu lortzea tresnarekin?
 
Ez dut ezer espero. Aisialdian sortu dut eta horregatik saiatu naiz operazio guztia erabiltzailean egikaritzea, zerbitzaririk ez ordaintzeko eta mantentzeko. Javascript baliatu dut eta operazioak nabigatzailean gauzatzen dira, horrela doakoa da.
 
Hortaz, pretentsiorik ez daukat. Jendeak erabiltzen badu, hobetuko dut eta sakelako aplikazioa garatuko dut. Ez bada horrela ere, agian egingo dut, ikasteko modua baita niretzat.
 
Azken finean, nolabait, berdin dit asko erabiltzen den edo ez. Ez dut gasturik egiten eta hobetu ahala ni ere trebatzen naiz.
 
Halaber, ez diot publizitaterik ez ezer txertatuko. Nire asmoa ez da sortzea zerbitzua jendea gogaitzeko, gainera, ez dut uste diru askorik irabaziko nukeenik.
 
Denbora nahikoa behar izan dut ideia gauzatzeko, ikasteko prozesua izan baita, baina ez da aplikazio harrigarria. Javascript da dena.
 
Denbora gehien inbertitu dut gutxiago interesatzen zaidan esparruan; maketazioan, alegia. Programazioan ez hainbeste. Aintzat hartu behar da ere ideia batzuk garatu ostean, baztertu ditudala.
 
Fororen batean eman duzu honen berri, zer nolako harrera izan du?
 
Bisitak izan ditu. Googlek indexatu behar du bisitetan agertu dadin. Dena den, ez dauka publiko askorik, edo nik ez daukat oso argi.
 
Egia da komiki zale friki ugari dagoela, baina ez dakit. Ez dut uste jendeak egunero horrelako kontsulta bat egiteko beharrik duenik; ea zein komiki zenbakitan agertzen diren Marvel argitaletxeko bi pertsonaia.
 
Nire asmoa da zabaltzea; komikiak ez ezik, telebista saioak eta filmak ere agertzea. Horretarako bilatzen ari naiz bestelako lekuak informazioa ematen dutenak.
 
Atzo Panini Comicseko -estatu espainiarrean Marvelgo istorioak argitaratzen duen enpresak- editore batek aipatu zuen tresna sare sozialetan eta bisitak izan ditu. Horrez gain, bestelako iturriak erabiltzeko iradoki zidan.
 
Ibilbide luzea ikusten diozu aplikazioari?
 
Nahi duenak hobetu dezake. Software librea da eta nahi duenak ikus dezake nola funtzionatzen duen eta norbaiti bururatzen bazaio nola hobetu, ongi etorria izango da ideia. Fororen batean galdetu dute kodeari buruz, eta ero asko dago (barreak). Berez, hemen duzue kodea.
 
Hasieran bilaketek denbora apurra beharko dute, ezta?
 
Bai, Marvelek ematen dituen datuak oso motel doaz. Horretarako bitarteko proxya sortzen da eta horrek gordetzen ditu datuak, gero berak eskaintzeko eta eguneratzeko.

Ondorioz, lehenengo bilaketetan, komiki asko agertu behar badira, denbora tarte handiagoa beharko du. Hala ere, lehen aldia izango da bakarrik, gero azkarrago erantzungo du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide