“Euskal Herrira eginiko bisita baten ondorioz erabaki nuen Australiako Euskal Pilota Federazioa sortzea”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mar. 24a, 07:00
56 urte daramatza Jose Larrazabal Australian bizitzen.

JOSE LARRAZABAL laudioarra duela 56 urte joan zen Australiara bizitzera. Australiako Eskupilota Federazioaren sortzailea da.

Laudioarra zara jaiotzez, baina urteak daramatzazu Australian bizitzen. Zer dela eta?

56 urte daramatzat Australian. Laudiotik atera nintzen bizitza berri bat hasteko helburuarekin, nire etorkizuna apurtu zuena ahazteko asmoarekin. Ilusioz betetako bizitza hasi nuen Laudion, baina oso azkar zapuztu zen. Horregatik erabaki nuen joatea.

Bizitza gehiena eman duzu Australian, beraz. Oso ezberdina da bertako  bizitza hemengoarekin alderatuta?

Bizitza-maila bisitatu ditudan Europa edo Hego Amerikako beste herrialde batzuetakoa baino hobeagoa da. Gustatuko litzaidake herrialdeari buruzko informazio gehiago ematea, baina ez ditut datu estatistikoak asko kontrolatzen. Hala ere, herrialdearen egoera hobezina da gaur egun, segurtasun nazional zein pertsonalaren aldetik, batez ere.

Australiako Eskupilota Federazioaren sortzaileetako bat zara.

Bai. Beti izan dut gustuko eskupilota, baina ikasle garaian soilik praktikatu dut. Euskal Herrira egin nuen bisitetako batean elkarrizketa bat izan nuen Jose Mari Gorostiagarekin. Euskal Pilota Federazioko kidea zen bera garai hartan. Kirola probatzea erabaki nuen orduan.

Orduan sortu zenuten Australiako federazioa?

Bai. Federazioko presidentea eta presidenteordea ezagutzeko aukera ere izan nuen (Carlos Lasa eta Kepa Aroitajauregi, hurrenez hurren).

Eurak izan ziren konbentzitu nindutenak. Australiara itzultzean talde bat osatu nuen egitasmoa aurkezteko. Modu horretan sortu zen Euskal Pilotaren Australiako Federazioa. Aho batez erabaki zuten ni presidente izatea.

Euskal Herriko federazioarekin bilera izan nuen, eta Euskal Pilotaren Munduko Kontseilua sortzea erabaki genuen. Aurrera atera zen egitasmoa eta gaur egun funtzionatzen jarraitzen du. Gure federazioa kontseilu horren kide fundatzailea da.

Zein da eskupilotaren egoera Australian?

Eskupilota nahiko geldi dagoela esan daiteke. Herrialde honetan oso zaila da kirol hau aurrera ateratzea, azpiegitura falta dugu. Hori da arazo handiena. Ezin dezakegu jende gaztea trebatu frontoirik ez badugu, frontoi batean ikusten duzulako benetan nolakoa den eskupilota.

Baina badituzue hainbat talde, ez?

Nik asko borrokatu dut hori egia bihurtu dadin. Neska talde bat izan dugu federazioan hainbat herrialdetan lehiatu dena: Argentinan, Estatu Batuetan, Venezuelan eta Txilen, besteak beste. Azken norgehiagoka Euskal Herrian egin genuen, Bilboko Miribilla frontoiaren inaugurazioan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide