Lan hitzarmena sinatu du ELAk Aiala Vidrioko zuzendaritzarekin. Iragan astean egin zuten aurre-akordioa baieztatzeko bozketa. Langileen %77ak eman zuen botoa, eta horien %61,6a agertu zen akordioaren alde.
Hitzarmen berria 2022. urtera arte egongo da indarrean, sindikatuak azaldu duenez. Akordioak hainbat puntu barnebiltzen dituela jakinarazi du ELAk. Alde batetik, soldata igoera aurreikusten da: Kontsumo Prezio Indizearen (KPI) igoera + 1, “urte bakoitzean eta kontzeptu guztietan. Aipaturiko soldata-igoera horiei gehitu behar zaizkie zenbait plusetan egindako igoerak, guztira beste %1 osatzen dutenak urte bakoitzean. Soldata-igoera orokorra, beraz, KPI+2koa da urte bakoitzean”.
Horrez gain, lanaldia egun batez murriztuko zaie 55 urte baino gehiago dituzten beharginei, “eta hirurteko bakoitzeko beste egun bat”.
Kontratazio berriak egiteko irizpideak ere arautu dira, sindikatuak nabarmendu duenez. “2017/01/01eko garaian Aiala Vidrioko langileek egiten zituzten lanak ezin izango dira azpikontratatu. Neurri horien bidez kontrataziorako irizpide objektiboak ezartzea eta Aiala Vidrioko lana duina izatea bilatzen da, egitura-lanak azpikontratatu gabe eta lan-baldintzak prekarizatu gabe”.
“Borroka latza”
Sindikatuko kideek nabarmendu dute “borroka latza” egin behar izan dutela akordioa lortzeko. Zazpi greba-egun egin zituzten beharginek urtarrilean eta otsailean:
LABen irakurketa
LABek, aldiz, hitzarmena kritikatu du, “akordio hobeagoa” lortu zitekeela uste baitu, “batez ere, azkenengo bi greba egunetan zegoen egoera ikusita, aurrerapauso gehiago lortzeko baldintzak zeudelako”.
Horregatik, sindikatu abertzaleak uste du beharginen “lan-baldintzen etorkizuna” erabakita zegoela “grebak bukatu baino askoz lehenago”. “ELAk enpresak aurkeztutako lehenengo testua sinagarria zela esan zuen baina langileek ezezkoa bozkatu zuten. Une horretan ELAk amore eman zuen negoziaketan, testu hori sinatzea nahi zuelako”. Horrez gain, sindikatu abertzaleak azpimarratu du zuzendaritzak oraindik ez duela behin betiko akordioa sinatzeko datarik eman.