Saydi Lubanzadio iaz egin zen ospetsua Fama, a bailar telebista saioan parte hartu zuelako, baina horren ostean lanean egon da atsedena hartu gabe.
Momentuz, bere proiekturik ikusgarriena da Lola Indigo eta Bilbon emanaldia eskainiko du taldeak apirilaren 26an, hiriko Santana 27 aretoan.
Lola Indigo
Miriam Doblas Operación Triunfo telebista saioko lehiakidea da Lola Indigo taldearen burua eta abeslaria eta, jadanik, oso ezaguna egin da Ya no quiero ná abestiaren ondorioz.
Kanta horrekin sartu zen Saydi Lubanzadio taldean: "Ia kasualitatez izan zen. Oporretan nengoen Fama, a bailar lehiaketako lagunekin eta Mimik deitu zidan (Miriamek). Dantzariak behar zituen bideoa grabatzeko. Dantza bideoz bidali zidan eta horrela ikasi behar izan nuen. Gero grabaketan konturatu nintzen alderantziz ikasi nuela. Hala ere, gogor lan eginda grabatu genuen".
Une horretan ez zekien taldeko kidea izango zela: "Mimik soilik galdetu zidan data batzuk libre ote nituen eta baiezkoa eman nion. Gero azaldu zidaten Lola Indigo proiektuak musika eta dantzari garrantzi handia ematen diela eta taldeko kidea izango nintzela".
Taldeak bere bizitza irauli du: "Hasieran nire asmoa zen Londresera joatea lan bila eta ikastera. Orain, ordea, Madrilen bizi naiz Lola Indigoren entseguetan parte hartzeko eta bestelako lanak ere egiteko".
Izan ere, artista gehiagorekin dantzatu du Saydi Lubanzadiok, besteak beste, Manuel Carrascorekin.
Mala Rodríguezekin
Lola Indigo egitasmora itzulita, uztailean sareratu zuen bere lehen abestia eta horri esker hainbat zuzeneko eskaini dituzte. "Hasieran abesti horrekin agertzen ginen, gero ordubeteko ikuskizuna osatu genuen Rihanna eta Beyoncé bezalako artisten kantekin. Gero, abesti propioak sortu ahala, horrekin bete dugu saioa", azaldu du laudioarrak.
Bere bigarren bideoa Mala Rodríguez abeslari andaluziarrarekin grabatu zuten eta abenduan zabaldu zuten.
Dena den, arrakasta lortu badute ere, Lola Indigo proiektuak eskatzen dituen ahaleginak ez dira xamurrak, Saydik azaldu duenez: "Gure entsegu osoak 6 ordu irauten du. Nik egunero ikasten edo lan egiten dut. Ez badut entsegurik, dantza klaseetara joaten naiz".
Horren harira, erronkak argi ditu Lubanzadiok: "Laster kalean egongo da Lola Indigoren disko berria eta birarekin jarraituko dugu. Momentuz, Estatu espainiarrean egin ditugu kontzertuak, baina gure ametsa da Hego Amerikara jausi egitea. Hala ere, zaila da eta, zorte ona badugu, hurrengo urtean egingo dugu".
Euskal Herrira begira, dantzariak aitortu du beste amets txikia duela: "Bilboko Aste Nagusian kontzertua eskaintzea".
Ospea eta lana
Azken urtean izan duen ibilbideari buruz galdetuta, laudioarrak ezin du oraindik baloratu: "Lan handia egiten dut ahal dudan guztia ikasteko. Lola Indigo da nire lehen taldea eta ulertzen ari naiz zer den oholtza handian dantzatzea. Esperientzia eskuratu nahi dut honekin eta oraindik ez dut prozesatu zer den taldean egotea".
Gauzak horrela, ospearen ondorioak ez ditu guztiz barneratu: "Buru-belarri nago lanean sartuta. Konturatzen naiz jende askok jarraitzen nauela, Fama, a bailar saioan atera nintzenetik baino gehiago, baina ez daukat denbora horri buruz pentsatzeko, aprobetxatu behar dut ikasteko ditudan aukerak. Lola Indigo bukatzen denean ulertuko dut, ziurrenik. Hori bai, arraroa iruditzen zait jendeak nire izena oihukatzea kontzertuetan edo bere sakelakoan nire irudia izatea".
Hala eta guztiz ere, agerpen gehiago izan ditu Saydi Lubanzadiok: "Manuel Carrascorekin egin nuen bideoa, adibidez, eta ez dut ahaztu nahi Gaztea Dantzan lehiaketako epaile izan nintzela. Duela gutxi nik parte hartzen nuen dantzatzen saio horretan eta horrek ilusio handia egin zidan".