Langraiz Okako "Los Llanos" poligonora mugituko da LIDLek Laudion duen instalazioa. Iragan ostiralean egin zuen zuzendaritzak bilera informatiboa langileekin, hartutako erabakiaren berri emateko.
Hedabideetan aditzera eman dutenez, Laudion espazio nahikorik ez duela argudiatu du supermerkatu kateak herritik joatea justifikatzeko.
Arabako Foru Aldundiaren Garapen Agentziarena den 111.687 metro karratuko gune batera mugituko da multinazionala, 7,25 milioi euro ordainduta.
Horretarako gunea urbanizatu behar dute lehenbizi. Lan horiek aurten amaitzea aurreikusi du Garapen Agentziak. Ondoren, 34 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa du LIDLek, 36.500 metro karratuko azpiegitura sortzeko.
200 langileren etorkizuna kolokan
Gauzak hala, oraindik denbora falta da deslokalizazioa gauzatu dadin, baina zuzendaritzaren erabakia irmoa omen da. Egun 200 behargin daude Laudion lan egiten.
Langraiz Okara lan egitera joan nahiko luketenek lanpostua mantendu ahalko lukete. Gainontzekoen etorkizuna, baina, kolokan egongo litzateke. Apirilaren 1ean egingo dute negoziazioak abiatzeko lehen bilera.