Vidrala-Llodio BC saskibaloi klubari buruzko liburua idatzi du Pedro Ormazabalek

Aitor Aspuru Saez 2019ko mar. 26a, 13:21

Pedro Ormazabal eta Aitor Peña gaurko aurkezpenean. / Aiaraldea.eus

Gaur aurkeztu dute Vidrala B.C.-Llodio B.C. saskibaloi klubari buruzko liburua Vidrala enpresako bulegoetan. Pedro Ormazabalek idatzi du eta doan banatuko dute.

Vidrala B.C. izan zen saskibaloiaren esparruan aitzindaria Laudion. Gerora Llodio B.C. kluba izan zen, baina hasieran beira ekoizten duen enpresaren egitasmoaren ondorioz sortu zen. Garaiko zuzendariak Pedro Ormazabali eskatu zion proiektua gauzatzeko, eta hala egin zuen lantegiko beharginak, kirol horren zale amorratua baitzen.

Horren berri eta geroko 16 urteen gaineko informazioa emateko, Ormazabalek berak liburua idatzi du eta gaur aurkeztu dute Vidrala taldeko bulegoetan. Izan ere, enpresak finantzatu du argitarapena eta 500 ale kaleratu dituzte.

Testuak 159 irudi ditu eta 1970. eta 1986. urteen artean bizitakoa jaso du. Guztira, 400 jokalari baino gehiago izan zituen klubak eta emakumezko taldeak ere osatu zituzten. "Garai horretan ez zegoen kirolik neskentzat, eta guk uste genuen saskibaloia praktikatzeko aukera izan behar zutela" adierazi du Pedro Ormazabalek.

Horrez gain, jarduera oso arrakastatsuak antolatu zituzten. Adibidez, 24 eta 36 orduko txapelketak antolatzen zituzten Laudioko plazan.

Aurkezpen publikoa
Idazleak jakinarazi du apirilaren hasieran aurkezpen publikoa egingo dutela Laudioalde Lanbide Heziketako Ikastetxean. Ormazabalen asmoa da ahalik eta jende gehien batzea liburua banatzeko, doakoa baita.

Ekitaldi horretara proiektuarekin lotura izan zuten lagunak ekarri nahi ditu idazleak. Besteak beste, Josean Kerejeta Baskoniako presidentea gonbidatu du. Kerejeta jokalari profesionala ere izan zen eta Laudion egiten ziren udako partidatan lehiatu zen.

Esan bezala, Vidralak hartu du bere gain liburuaren maketazioa eta argitarapena. Aitor Peña marketing arduradunak azaldu du interesa izan zutela hasieratik eta Carlos Delclaux presidenteak berak eskutitza idatzi du libururako.

Pedro Ormazabal oso pozik agertu da elkarlanarakin: "Bi hilabetetan egin dugu dena, azkarra eta erraza izan da, nik uste baino askoz gehiago".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide