Asteburu oparoa izan da Laudioko Nuria eta Rakel dantza akademiarentzat. Burgoseko Orbe sariketan lehiatu ziren bertako ikasleak. Rakel Lopez Alvarez irakasleak ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu: "Hiru modalitatetan aritu ginen: klasikoan, neoklasikoan eta jazzean, eta hiruretan saritu gintuzten". Kategoriaka brontzezko domina, zilarrezkoa eta urrezko dominak banatu zituzten, "eta sailkapen orokor gisa lehen, bigarren eta hirugarren Orbe Sariak".
"Sari mordoa ekarri ditugu kategoria guztietan", zehaztu du akademiako arduradunak. Horiez gain, lehen eta hirugarren Orbe sariak eman zizkieten, eta eszeneratze zein jantzitegi onenaren aitortza ere bai. Bestalde, Urtzi Gancedo Burgoseko Kontserbatoriorako bekarekin saritu zuten, eta Luken Montejori errebelazio saria eman zioten. Taldeetako bat Madrilgo Nuevo Apolo antzokian dantzatzera gonbidatu dute datorren maiatzaren 12an.
Argazkiak: Nuria eta Rakel dantza akademia