Juanje Merchan izan zen hitza hartzen lehena. “Laudiok behar duen eraldaketak parte aktiboa” izan nahi duela nabarmendu zuen alkategaiak, baina zerrenda osatzen duten beste kideen garrantzia ere goraipatu zuen.
Era berean, ekitaldia Kasinoan egitearen garrantzia azpimarratu zuen Merchanek. “Eraikin hau zaharberritzeko ahalegin eta inbertsioa Arabako Foru Aldundian sozialistek eginiko lanari esker gauzatu ahal izan da, Laudioko taldeko kideek hala proposatuta. Beste batzuek ere izan zuten egiteko aukera, baina guk egin dugu”. Horregatik eskerrak eman zizkion Cristina Gonzalez diputatuari.
Gonzalez izan zen, hain zuzen, hitza hartu zuen hurrengoa. Akordioak lortzearen garrantziaz aritu zen diputatua. “Sozialistok aurrera egin nahi dugu, eta hori soilik da posible inor baztertzen ez badugu, interes orokorragatik lan eginda. Horrela egin izan dugu orain arte eta horretan sakondu nahi dugu hemendik aurrera”. Era berean, azken lau urteetan Aldundian eginiko lana azaleratu zuen Gonzalezek, baina gaineratu zuen ez direla egindakoarekin konformatzen, gauza gehiago egin nahi dituztelako.
Paqui Macias igo zen gero oholtzara, bera izango baita Aiaraldeko zerrendaburua Foru Hauteskundeetan. Aldundiak azken legealdian eskualdean egin dituen lanak azaldu zituen Maciasek. Lamuza parkearen zaharberritzea, Saratxoko saihesbidearen proiektua, Nerbioiko Parke Lineala eta autobus zerbitzua izan zituen hizpide, besteak beste. “Sozialistak inkonformistak gara, badakigu asko dagoela egiteke. Horregatik begiratzen ditugu oraina eta etorkizuna ideia, proiektu eta meta gehiagorekin”.
Idoia Mendia izan zen hitza hartu zuen azken pertsona. Espainiako Estatuko egoera politikoa izan zuen mintzagai. “Hauteskunde orokorrak garrantzitsuak dira, baina Udal eta Foru Hauteskundeak ere bai”, adierazi zuen PSE-EEko idazkari nagusiak. “Jende askori Aiaraz hitz egitean Santiago Abascal etortzen zaio soilik burura. Zure helburua izango da hori aldatzea”, adierazi zion Mendiak Juanje Merchani zuzenduta.
Hauek dira Laudioko PSE-EEren zerrendan joango diren herritarrak:
1. Juanje Merchan
2. Loli Muriel
3. Eduardo Díaz
4. Paqui Macías
5. Jose Luis Navarro
6. María Nieves Gutiérrez Arenas
7. Alberto García
8. Eva María Cernadas
9. Alberto Oliva
10. Ander Dominguez
11. María Isabel Aragon Rey
12. Jose Antonio Chacon
13. Diego Mayordomo
14. Araceli Aroca
15. Jose Luis Montalbán
16. Victoria Mesón
17. Julián Larisgoiti