Ordubetez itzaliko dituzte gaur herriko plazako argiak; 20:30etatik 21:30ak arte, hain zuzen. Oraingo udaletxeko zein zaharreko argiak eta farolak ez dira piztuko tarte horretan.
Hori egingo du udalak "Planetako ordua" egitasmora batzeko eta aldaketa klimatikoaren aurka neurriak hartzeko beharrak aldarrikatzeko.
"Modu sinbolikoan bada ere, aldaketa klimatikoa bioaniztasunarentzat eta gizakiontzat ere arriskutsua dela aldarrikatu nahi dugu", azaldu du Jon Ander Altubek. Alkateordeak nabarmendu du ekimena 2007an sortu zela eta jadanik 188 estatuk bat egin dutela.