Interneten "Klika" besterik ez dugu egin behar munduan ematen diren gertakizunez jabetzeko. Azken urteotan gizartean eman diren aldaketa guztien artean, musikan gertatutako eboluzioa ere aurtengo Korrikaren bideoan islatzen da.
Fermin Muguruzaren eskutik, musika tradizional eta modernoaren arteko ezberdintasun eta elkarbizitza modu politean azaltzen da, beti ere, euskara sustatzea helburu nagusia izanik.
Hilabete eta erdi atzerrian egon ostean, txistulari kide batek taldeko emakumeei aurtengo Korrikaren bideoklipean parte hartzeko eskaera egin zigun. Ondoren, birritan pentsatu ostean, berez inoiz ez dut gauza berdinik egin, baietz esan eta azaroaren lehen larunbatean Bilbon nengoen beste dantzari eta abeslariekin batera grabaketa egiteko prest.
Nahiz eta hasieran galduta sentitu, bertako antolatzaileek azkar ideia azaldu eta lauzpabost aldi bideoaren azken atala grabatu ondoren, bazegoen. Giro benetan eroso eta alai artean egina.
Euskal Herriko toki ugariko pertsonak elkartu ginen: AEKko antolatzaileak, abeslariak, grabaketa taldea, musikariak eta dantzariak, denak kalitate handikoak. Dantzariek sortutako koreografiak bertan ikustea plazer handia izan zen, esperientzia guztiz positiboa.
Bestalde, urtarrilean lan handi horren emaitza plazaratu zen, mota guztietako iritziak agertuz. Nire ustez, abesti arina eta dantzagarria da, orain arte entzun ditugun beste abestiekin alderatuz, guztiz ezberdina.
Egia da, erritmoa dantzatzea eta letrak abestea eta ulertzea zaila izan daitekeela zenbait momentutan, baina Ferminen beste kantu asko ezagututa, honek ez nau hainbeste harritu. Ulertzen dut jende askok gustukoa ez izatea, dena den, egungo abestia da eta aukera bat merezi du.
Azkenik, datorren apirilaren 10ean Korrikak Laudio zeharkatuko du ehunka lagunen artean, euskarari bulkada handia emateko. Euskaldun egiten gaituen harri bitxi preziatu hau nagusiengandik ikasiz eta gure ume txikiei irakasteko, gure alboan urte ugari jarraitu dezan, Klika Korrika!
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!