Senatuan “Araba eta Euskadiren interesak” defendatzeko prest azaldu da Almudena Otaola

Txabi Alvarado Bañares 2019ko api. 13a, 19:47

Ekitaldia egin du gaur arratsaldean EAJk Laudioko Aldai plazan. Almudena Otaola okondoarrak hartu du hitza bertan, bera baita senaturako hautagaia.

Politikari jeltzaleak nabarmendu du Madrilen “Euskadi eta Arabako interesak” defendatuko dituela soilik. Otaolaren ustez, “oso garrantzitsua” da EAJk senatuan indarra izatea, bertan dauden beste politikari batzuek berehala ahazten dutelako “nor diren eta nondik datozen”.

Mikel Legardak hitz egin du gero. Espainiako Kongresurako hautagaiak nabarmendu du Euskadiko “bizitza, lurraldea, konektibitatea zein eskubide historikoak” defendatzera joango dela Madrilera. “Ez gara bertan geratzeko joango, itzultzeko baizik”.

Andoni Ortuzarren hitzartzea
Andoni Ortuzar izan da mikrofono aurrean jartzen azkena. Datozen hauteskundeen garrantzia nabarmendu du Euskadi Buru Batzarreko presidenteak, “aukera handiak” daudelako EAJ “erabakigarria” izan dadin. “Ez da erraza izango, eskumako zein ezkerreko 'kaudillismoarekin' topo egingo dugulako”, adierazi du politikariak, baina erronka bat duela gaineratu du: “Maroto eta Oyarzabal etxera bidaltzea”.

Aiaraldearen egoeraren inguruan ere mintzatu da. “Euskal agendaren hiru adibide topatu daitezke eskualde honetan: Industria, ibaien saneamendua eta Aretako trenbideko lurpeko igarobidea”.

Azken egitasmo horren garrantzia nabarmendu du Ortuzarrek, Laudioko Udal Gobernuaren jarrera kritikatzearekin batera. “Orain obra amaitua dagoela argazkia egitera joan dira EH Bilduko kideak, eurek ez dutenean ezer egin eta Espainiako aurrekontuetan egitasmoaren aurka bozkatu zutenean”. Gauzak hala, Laudiok beste alkate bat behar duela argudiatu du Buru Batzarreko buruak, “enpresak entzun eta lagunduko dituen alkate bat”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide