Ruiz de Pinedo izan zen mikro aurrean jartzen lehena. Datorren apirilaren 28ko eta maiatzaren 26 hauteskundeetan hautagai izatera animatu diren pertsona guztiei eskerrak emanez hasi zuen hitzartzea.
Nabarmendu zuenez, “mehatxu ugari” daude hauteskundeetan, “baina baita aukera asko ere”. “Erregimenaren krisia” eta azken urteetan garatu diren “mugimendu eraldatzaileak” aipatu zituen Espainiako Kongresurako zerrendaburuak adibide gisa, “zerbait mugitzen ari da gizartean, eta hori bada beste aukera bat”. Era berean, Ruiz de Pinedok ziurtatu zuen EH Bilduk “esperientzia frogatua” duela “eskumako gobernuak botatzen”. Horregatik, helburu bat jarri zuen mahai gainean: “Javier Maroto etxera bidaltzea”.
Ildo beretik joan zen Arnaldo Otegiren solasaldia. Esquerra Republicana de Catalunyrekin batera aurkeztea defendatu zuen EH Bilduren koordinatzaile nagusiak. “EH Bildu joko politikoaren erdian kokatu da, eta horrek bat baino gehiago urduritu ditu”.
Zentzu horretan, politikari abertzaleak azpimarratu zuen EH Bildu gai izango dela “erabakigarria” izateko. “Beste alderdi batzuek ere aipatzen dute eurak ere determinanteak izango direla. Baina erabakigarriak zertarako?”. Otegiren aburuz, “zintzotasuna” da EH Bildu definitzen duen hitz nagusienetako bat. “Guk hitza eman eta hitza betetzen dugu, eta hori ezin dute guztiek esan”.