"Proba hau prestatzeko gaueko 00:00etan joaten nintzen bizikletaz edo oinez Ganekogortara"

Aitor Aspuru Saez 2019ko api. 20a, 13:08
Bizikleta eta bestelako diziplinak ustartzen dituzte Raid probetan.

AARON GARMENDIA (Laudio, 1983) apirilaren hasieran Paraguain egon zen "Expedición Guaraní" Raid lasterketan. Fisikoki zein psikikoki oso esperientzia gogorra izan da eta horren berri eman du solasaldi honetan.

Zein da zehazki egindako proba? Non eta zergatik zen berezia?

"Expedición Guaraní" du izena, Paraguaiko leku bakarti eta ezezagunetan ematen den 5 eguneko abentura raida.

Guretzat berezia da leku oso ezberdinean ematen delako, oihanean, klima ere erronka delarik.  Munduko ligako proba izateagatik munduko onenekin lehiatzeko aukera eskaintzen digu.

Zenbat denboraz prestatu zara?

Taldeak Basque Expedition Race (Europakoa) lasterketa irabazteagatik Paraguairako izen-ematea doan izatea lortu genuen.

Hasieran ez nintzen joan behar baina gogoa piztu zitzaidan eta bai familiakoek eta bai ingurukoek animatu ninduten. Duela 5 hilabete izan zen hori, eta geroztik jo eta ke ibili naiz entrenatzen.



Noiz heldu zinen? Egokitzeko aukera izan zenuen bidai luze harekin?

Bidaiaren aurreko gauean ez nuen lorik egin ia, alabak  gaixo baitzeunden. Bidaia 30 ordutik gorakoa izan genuen, Madrildik eta Limatik pasata.

Gainera, 23 urtez hegazkin baten sartu gabea nintzen (beldurra medio), horrek dakarren urduritasunarekin. 

Hara heltzean 2 egun eskas izan genituen dena prestatzeko; materiala, jana, bizikletak, kayakekoa, igeriketakoa... denboraz larri ibili eta Jet-Laga-ren nekearekin.

Zeintzuk izan dira zuen emaitzak?

Lasterketa hasi aurretik talde onenekin lehian ibiltzea zen asmoa eta ahalik eta gorenen bukatu.  Talde bikaina ginela esan dezaket inolako harrotasunik gabe. 

Baina aurreko desegokitze horrek antsietate mordoa sortu zidan. Zorionez, lasterketa hasita nire onera bueltatu eta gure erritmoa inposatzera atera ginen. 

Horrela egin genuen eta berehala lehen postuan gure zen, ondorengoei tartea handitzen. Zoritxarrez kilometro gutxiko ametsa izan zen, taldeko neskak oin bateko hezur bat hautsi zuen arte. 480 km falta zirenez, ez zuen zentzurik egoera horretan jarraitzea.

Zer nolako balorazioa egiten duzu?

Balorazioa kaxkarra, talde gisa izan dugun emaitzarik pobreena. Urteko probarik garrantzitsuena zen gurentzat gainera.

Itzultzeko asmoa duzue?

Nik behintzat ez. Oraindik nabil hausnarketa prozesu batean eta taldekideekin bildu behar naiz behin betiko erabaki bat hartzeko.

Baliteke nire lehiatze esparrua 24 ordutik azpiko lasterketetara mugatzea. Luzeagoek mentalki asko estutzen naute, eta ez dut horren adina disfrutatzen. Munduko eliteko taldeen artean nire burua ikusteak alaitu baino gaixotu egiten nau. Gestionatzeko zail egiten zait presio hori.

Zer nolako ahalegina suposatu du zuretzat?

Ahalegina sekulakoa izan da, bai ekonomikoki eta bai emozionalki. Ekonomikoki, bizikleta, arraunak, arropa, bidaiak, jana... erosi behar izan ditut, depresio batean ez jaustearren ez dut kopuru totala kalkulatuko, baina izugarria izan da.

Afektiboki ere izan du bere eragina. Entrenatu ahal izateko ezin izan naiz familiarekin nahi beste egon. Zorionez emaztea izan dut hor, buru-belarri, etxeko ardura nagusiena bere gain hartuz. 

Nik ordea, entrenatzeko aukera bakarra ordu txikietan izan dut.  Ohikoa izan da gaueko 12:00etan etxetik Ganekogortara bizikletaz zein oinez igotzea, lo orduak kenduz. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide