Gaur eguerdian alderdi sozialistak ekitaldia egin du Laudioko Herriko plazan botoa eskatzeko Kongresu eta Senatuko hauteskundeetan. Cristina Gonzalez Arabako diputatuak hartu du hitza hasieran eta eskuineko alderdien kontra mintzatu da, politika erradikalizatu dutela leporatuta.
Gero Isabel Celaá Hezkuntza Ministroa, Espainiako Gobernuko Bozeramailea eta Kongresurako hautagaia igo da oholtzara. Sozialistek aurreko 7 urteko politikak 8 hilabetetan irauli dituztela goraipatu du, eta azpimarratu du aurrekontu publikoek ematen dutela ongizate estatua hobetzeko, erakutsi duten moduan.
Zentzu horretan, aurreratu du hurrengo egunetan Nerbioi ibaiko saneamendu arazoak konpontzeko behin betiko urratsa emango dutela.
Celaáren arabera, azken urteotan ekonomiak hobera egin arren, aberastasunaren banaketa ez da berdintasunezkoa izan; kontrara, injustizia gero eta agerikoa da. Horren aurka, politika fiskal berriak, gutxiengo soldata profesionala 1128 eurora igotzea, pentsioak indartzea eta hezkuntza zein ikerketa eta garapen inbertsioak igotzea proposatu du. Halaber, ziurtatu du dieselaren ondorioz ez dela enplegua galduko Araban autoen industrian.