"Emakume mugituentzako bideo parte hartzailea" tailerra egingo dute Laudion. Ostiralero gauzatuko dute dinamika Lamuza parkeko Kasinoan, 18:00etatik 21:00etara. "Hausnarketa espazioa" sortu nahi dute ekimenaren bidez, hainbat jatorri eta esperientzietako emakumeek eragiten dieten gaiei buruz libreki adierazteko.
Bost minutuko filma laburra izango da tailerraren emaitza. Maria Aizpuru zinema zuzendaria arituko da dinamizatzaile lanetan. Madrilgo Complutense Unibertsitateko Informazio Zientzietako doktorea da bera, eta bideo parte hartzailearen metodologian aditua da.
Zortzi saio aurreikusi dituzte, hiru orduko iraupenekoak. Aurrenekoan konfiantza dinamikak egingo dituzte, eta lantzeko gaiak aukeratu. Bigarrenean, berriz, gidoiaren talde idazketa izango dute zeregin; filmaketa plana. Hala, maiatzaren 17an eta 24an egingo dituzte grabaketak. Hurrengo hiru saioak edizioari eskainiko dizkiote. Ekainaren 21ean izango da dinamikaren itxiera, ikus-entzunezkoaren proiekzioarekin batera.
Gehienez 15 emakumek hartu ahalko dute parte. "Belaunaldi arteko zein askotariko jatorridun emakumez sorturiko taldea antolatu nahi da", zehaztu dute antolatzaileek. Interesdunek fidantza gisa 20€ ordaindu beharko dituzte izena emateko (ES63-2095-0080-50-9109628411 kontu zenbakian) baina ekainaren 21ean itzuliko zaie egindako ekarpen ekonomikoa.